Deiadar egilea

Andoni Sainz: «Adar zahar bat hartu eta soinua lortzen dudan aldiro, antzinako bizia esnatzen dela sentitzen dut»

Andoni Sainzek mendeetan komunikatzeko erabilitako haize tresnak berreskuratu ditu: bostehun deiadar inguru ditu Alonsotegiko erakusketan.

Andoni Sainz, Alonsotegiko tailerrean, 2023an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Andoni Sainz, Alonsotegiko tailerrean, 2023an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Leire Rodero
2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sakelakoen garai honetan, zaila da imajinatzea noizbait adarrek egin zutela mezulari lana. Andoni Sainzek (Karrantza, 1988) Alonsotegiko bere tailerrean tamaina guztietako deiadarrak sortzen ditu. Garai batean batzarrerako deia egiteko edo zorigaitzen berri emateko balio izan zuten adarrek; orain, artisautza lanak dira. Gaur egun Sainzek bostehun eredu inguru ditu Alonsotegin atondu duen erakusketan. 

Nola hasi zinen adarrak egiten?

Oso modu intuitiboan hasi nintzen. Pandemia garaian bizilagun batek adar bat ekarri zidan, eta erronka jo, ea soinua ateratzeko gai nintzen. Adarrari zulo bat egin nion, eta gutxinaka-gutxinaka probak egin nituen. Interneten informazioa bilatu nuen, bideoak ikusi nituen, gehiago esperimentatu nuen eta asko gustatu zitzaidan artisau eran egindako adarren mundua. Azkenean, soinua lortzen dudan aldiro, antzinako bizia esnatzen dela sentitzen dut. Horrek harrapatu ninduen, eskuz egindako lana delako, baina baita prozesu emozionala delako ere.

Zer istorio dago instrumentu horren atzean?

Duela milaka urte herrietan deiadarrak erabiltzen zituzten komunikatzeko. Adarraren dei bakoitzak berezko esanahia zeukan. Kode propioa erabiltzen zuten; festa iragar zezaketen, arrisku baten berri eman edo batzar batera deitu, besteak beste. Mendian ere erabiltzen zituzten; batez ere abeltzainek, arriskuan zeudenean laguntza eskatzeko eta janaria garraiatzeko poltsa gisa. Bizimodu bat zen. Ez bakarrik Euskal Herrian, baita munduko beste herrialde batzuetan ere. Eskozian, adibidez, deiadarrak dituzte, eta bikingoen garaian oso ohikoak ziren.

Dagoeneko zenbat deiadar egin dituzu?

Uste dut hirurehun baino gehiago saldu ditudala, eta asko oparitu ditut. Niretzat, denak dira garrantzitsuak, adar bakoitza bakarra eta berezia baita, prozesua eta historia ditu atzean.  

Zenbat denbora behar da deiadar bat sortzeko?

Tamainaren eta adar motaren arabera, baina normalean bi egun inguru behar ditut. Adarra handia edo bereziki konplexua bada, litekeena da lana luzatzea eta bost egun behar izatea. Adarra aukeratzean hasten da sortze prozesua. Lehenik eta behin, adarra egosi behar da, hiru ordu laurden inguru, eta, ondoren, barruan daraman hezurra atera. Erabiliko den kanpoko azalari zulo bat egiten diot, eta gero desinfektatu egin behar da; nik hiru aldiz garbitzen dut. Azkenik, dekoratu egiten da, eta horretarako grabatu pertsonalizatuak sortzen ditut.

«Deiadar bat egitea ez da artisautza lana bakarrik; memoria, kultura eta emozioa ere bada»

Zerk bultzatu zaitu tradizio horri jarraitzera?

Historiak bultzatu nau, instrumentu honek 32.000 urte baino gehiago dituela jakiteak. Adarrak flauta tradizional asko baino lehenagokoak dira, eta horrek ilusio handia sortzen dit. Ez da artisautza lana bakarrik; memoria, kultura eta emozioa ere badira. Edozein ekitalditara gonbidatzen nauten guztietan, pozez joaten naiz. Beti bi lagun joaten gara: Janire emaztea eta biok. Guretzat oso garrantzitsua da musika tresna honi ikusgarritasuna ematea, galdu ez bada ere, gutxi ikusten delako. Bion artean saiatzen gara gero eta toki gehiagotan ikusarazten.

Zer-nola erantzuten du jendeak lehen aldiz deiadarraren soinua entzutean?

Askotariko erantzunak daude, baina, batez ere, harritu egiten dira. Asko gustatzen zait besteen erreakzioa ikustea, ez adarrak nik egin ditudalako, baizik eta nire helburua betetzen dela sentitzen dudalako, zerbait transmititzea lortu dudalako. Bereziki gustatzen zait haurrak hunkitzen direnean. Oso anekdota berezia dut horrekin.

Kontatu, beraz.

Karrantzan ume batek nik egiten ditudan adar batzuk ikusi zituen telebistan. Hurrengo egunean sukaldeko inbutu bat hartu zuen etxean eta deiadarra balitz bezala erabiltzen hasi zen. Orain adar bat dauka eta eskolara eramaten du. Lagun guztiei erakutsi die harrotasunez. Horrelako bizipenak ederrak dira, ikusten baituzu egindako lana ez dela tailerrean geratu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.