Argia, uraren indarretik

1910eko hamarkadatik Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoak baimena du Indusi ibaiko urarekin argindarra sortzeko. Oraindik ere, besteak beste, 1924ko turbinak erabiltzen dituzte.

Dimako Errotazar zentrala
Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoaren turbinen aretoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Dima aldeko erreketako ura jasotzen du Indusi ibaiak. Hamabost kilometroko ibilbidea eginda, Arratia ibaira isurtzen ditu bere urak. Bidean, Errotazar izeneko zentral hidroelektrikoak Indusi ibaiaren indarra aprobetxatzen du urteko hilabeterik euritsuenetan. Egun, Minicentrales Argi enpresa da jabea, eta, 280 metroko jauziari esker, 300 kilowatteko potentzia sortzen du. Aurretik, hainbat gorabehera izan ditu, eta urte batzuetan zarratuta ere egon da.

Microcentrales Argiko Kerman Egiluzen arabera, lehenago errota bat egondako lekuan eraiki zuten zentral hidroelektrikoa, XX. mende hasieran. 1910ean, Flora Lopez de Herediari eman zioten Indusi ibaiko ura aprobetxatzeko baimena. Manuel P. de Heredia ingeniariak egin zuen proiektua, eta 1912an hasi ziren eraikitzen. 1937an, Juan Telesforo Artetxe zen ugazaba, eta Durangoko Hijos de Mendizabal enpresak erosi zion zentrala, Durangaldean zituzten metalurgia arineko enpresak argindarrez hornitzeko. Beste batzuk ere bazituen, Durangaldean eta Arratian. 1970eko hamarkadan hondoa jo zuen Hijos de Mendizabalek, eta zentral guztiak bertan behera utzi zituen. «Zentral hauetako asko bertan behera geratu ziren, produkzio txikia zutenez ez zirelako errentagarriak», gogoratu du Egiluzek. 1980ko hamarkadan, Espainiako Gobernuak energia iturri berriztagarrien aprobetxamendurako lege bat onartu zuen, eta orduan ipini zuten berriro ere martxan, gaur egunera arte.

Zentralaren eraikinak eskualdeko beste batzuen antza du. Oin planoa laukizuzena du, eta bi solairu dauzka; kanpoko aldean adreiluz eginiko inposta batek bereizten ditu. Harlangaitzezko hormak ditu, eta kanpoko aldean zarpiatuta dago. Bao guztiek adreiluzko xafla bat dute gainean. Goiko solairuan zentraleko langilearentzako etxebizitza atondu zuten, eta gaur egun ere etxebizitza da. Beheko solairua, berriz, bi gela handitan banatuta dago: erdikoan makinak daude, eta eskumakoan, transformadoreak. Apaindurari dagokionez, jatorrizko azuleju-estaldura nabarmentzen da makina gelan, lurrean eta horman. Holandako motiboak dituen apaintzeko zerrenda bat dago; joan den mendearen hasieran oso ohikoak ziren halakoak.

Egiluzek azpimarratu du gaur egun martxan dauden bi turbinak 1924an ipinitakoak direla, Boistch markakoak. Pelton erakoak dira, jauzi handiko eta ubide estuko zentraletan erabiltzen zirenetakoak. Gainontzeko makinak 1984an berritu zituzten, zentrala berriro martxan ipini zutenean: sorgailua, erregulatzaileak eta aginte taula. Hala ere, antzinako erregulatzaileetako bat dute oraindik: kanpoko aldean uraren etorrera kontrolatzen zuen eta eskuz eragiten zitzaion.

Ura 4.842 metro luze den hormigoi hidraulikoz egindako ubide batetik iristen da 248 metroko garaieran dagoen gordailu erregulatzailera. Biltegi horren oin planoa trapezio formakoa da, eta aurreko aldea ezpondan dauka: 43 metro luze, 35 metro zabal eta bost metro garai da. 7.659 metro kubo ur bildu ditzake. Biltegi horretatik turbinak dauden eraikin nagusira lurrazpiko hobi batekin garraiatzen da ura. 550 metro da luze. Desnibelari esker, 297,32 ZPko indarra hartzen du urak, eta horrek mugitzen ditu turbinak.

Bertatik bertara

Egiluzek azaldu du zentralean sortutako argindarra gaur egun Iberdrola argindar konpainiari saltzen diotela. Lekuan bertan sartzen da Iberdrolaren sarera, eta inguruko bezeroak hornitzeko erabiltzen du enpresak. Beraz, Errotazarren sortutako argindarra Indusi auzoan eta Diman kontsumitzen dute.

Argindar ekoizpena eguraldiak baldintzatuta dago. «Euri gutxi egiten duenean, ibaiaren emaria txikiagoa da. Badago ibaiari utzi behar zaion gutxieneko emari bat, ekologikoa izenekoa; ibaiak du beti lehentasuna. Beraz, guk sobratzen dena har dezakegu», azaldu du. Hortaz, udako hilabeteetan zentrala geldi egoten da.

Industria jarduerari lotuta dagoen kultura ondare izendatua dago Errotazar. Beraz, lanean jarraitzen duen arren, bisitatu daiteke. Horretarako, aurretik ordua eskatu behar izaten da.

Dimako errotazar zentral hidroelektrikoa

Helbidea. Indusi auzoa, 25. Dima. Dima eta Otxandio arteko errepidean.

Ordutegia. Zerratuta egoten da, baina aldez aurretik eskatuta bisitatu daiteke.

Sarrera. Doakoa.

Kontaktua. 659-80.35.06 da bisitak eskatzeko telefono zenbakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.