Arratiak altxor handia du musika eta dantza tradizionalen arloan, eta jakin du nola gorde. Orain, transmititu egin gura du, eta horixe izango da Arratiako Ondarearen Astegoienaren lehen aldiaren helburua. Bihar eta etzi egingo dute, Areatzan, herri horretako udalak eta Aiko taldeak antolatuta, taldearen hogeigarren urteurrenaren barruan. Eskualdeko dantzak eta beste inguru batzuetakoak ezagutzeko, ikasteko eta dantzatzeko aukera ere egongo da.
Hainbat tailerretan, dantzak transmititzeko moduak, belaunaldiz belaunaldi igaro diren estiloak eta gaur egun oraindik bizirik dirauten dantza hizkuntzak izango dira aztergai. Bihar goizean, Patxi Labordak jotaren eta fandangoaren estandarizazioari buruzko saio bat egingo du. Azken hamarkadetan dantza horiek oholtzetara eta lehiaketetara eramatearekin batera sortu diren forma estereotipatuak aztertuko ditu, eta tradizioaren, transmisioaren eta berrikuntzaren arteko harremanari buruz hausnartu. Horren ondoren, Luken Aranburuk Erregelak: dantzaria eta musikaria jolasean, elkarren atzetik eta elkarri tiraka izeneko tailerra gidatuko du. Durangaldeko soka dantzaren aurreskuaren eta atzeskuaren bidez, musikaren eta mugimenduaren arteko harreman estua aztertuko du; hain zuzen, hori izan da Aiko taldearen lanaren oinarrietako bat.
Arratsaldean, Pedro Jose Leandro espainiarrak Fuente Alamoko bolero eskola (Murtzia, Espainia) aurkeztuko du. XVIII. mendetik Iberiar penintsulan hedatu zen dantza molde horrek eragin handia izan zuen Euskal Herriko hainbat dantzetan.
Leandro familiak belaunaldiz belaunaldi transmititu duen tradizio hori ezagutzeko aukera izango da. Jarraian, Sergio Cobosek gidatuta, Galiziako jota ezagutuko dute parte hartzaileek. Arratiako jotatik abiatu eta Galiziako dantza egiteko moduetara bidaiatuta, jotaldiaren aniztasuna eta lurralde bakoitzak garatu dituen estilo bereziak landuko dituzte. Zapatua bukatzeko, Aiko taldearen dantzaldi-erromeria izango da afalostean. Herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.
Arratiako jota
Domeka goizean, Ines Uriartek Euskal Herriko tangoaren inguruko saio bat emango du. XX. mendean euskal plazetan eta erromerietan sarri dantzatzen zen dantza hori, eta haren oinarriak landuko ditu Uriartek. Astegoienari amaiera emateko, Larraitz Artetxek eta Sabin Bikandik gidatutako saio batean, Arratiako Artetxeren jota izango da abiapuntua. Kepa Artetxe dantza maisuaren grabazio historikoak baliatuta, Arratiako jotaren ezaugarriak aztertuko dituzte: inprobisazioa, sormena, askatasuna eta talde folklorikoen estandarizazioaren aurreko dantzatzeko modu herrikoia.
Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek Aiko.eus webgunearen bidez eman dezakete izena. Asteburu osoko matrikula 60 euro kostatuko da; 18 eta 30 urte bitarteko gazteek doan parte hartu ahal izango dute.