Arriagari eskainitako kontzertu batekin hasiko da Musika-Musica jaialdia martxoaren 6an

Hiru egunetan 69 kontzertu izango dira. Festibalaren 25. aldia zaleei eta musikariei eskaini diete.

Kontzertu bat, Bilboko Arriaga antzokian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Kontzertu bat, Bilboko Arriaga antzokian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 26a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika festibal batentzat ez dira urte asko, baina merezi du ospatzea. Bilboko Musika-Musica jaialdiaren 25. aldian, bada, ez dute sortzaile bat, garai bat edo gai bat gogoratuko: musikazaleei eskainita egongo da, agertokiaren alde batekoei eta bestekoei, mende laurden honetan musika klasikoari eskainitako maratoi honetaz gozatu dutenei, Begoña Escribano Musika-Musicako zuzendariak kontatu duenez. «Jaialdira musika entzutera eta gozatzera etortzen da jendea, baina baita musikari lotuta une atseginak igarotzera eta hemen sortzen den giroa bizitzera ere». Horiek izango dira, nolabait, aurtengo omenduak. Oparia ez da makala: martxoaren 6tik 8ra, 69 kontzertu izango dituzte eskura. Haietako hainbat ordu berean izango dira, beraz, zaleek egitaraua hartu eta aukeraketa egin beharko dute. Sarrerak salgai daude Euskalduna jauregiko txarteldegian eta festibalaren webgunean.

Keinuak ez dira faltako, hala ere, musikaren munduak beti duelako zer ospatu. Urtarrilean berrehun urte bete ziren Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarra Parisen hil zenetik. «Gure musikagileen artean unibertsalena da. Sentsibilitate handikoa izan zen, eta nortasun ikurra. Gazte hil zenez, ibilbide laburra izan zuen, baina emankorra, eta harro sentiarazten gaitu», esan du Escribanok. 

Hala, jaialdiari hasiera emateko emanaldi berezi bat prestatu dute Arriagaren omenez. Musikariaren izena duen antzokian izango da, martxoaren 6an, 19:00etan. Hirian kulturari lotutako ikur handi bik emango dute, gainera: Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak. Arriagaren Sinfonía en re menor interpretatuko dute, François Lopez-Ferrer zuzendariaren esanetara. Konpositore bilbotarraren lan adierazgarrienetakoa da. Lau mugimendutako obra da, eta batzuek uste dute orkestra handiek jotzeko sortu zuela, hala ageri delako idatzita eskuizkribuan, baina beste batzuek zalantzan ipini dute lanaren izena eta orkestra handientzako den oharra pertsona berberak idatzi ote zituen. Kontzertua bukatzeko, Georges Bizet musikagile frantziarraren Te Deum-a interpretatuko dute. 

Handiak eta txikiak

Gainontzeko emanaldi guztiak Euskalduna jauregian izango dira, barikuan bertan hasita. Auditoriuma kontzertu sinfoniko handietarako eta koralentzako gorde dute. Han entzun ahal izango dira Beethovenen, Mahlerren, Brahmsen, Wagnerren, Mozarten, Txaikovskiren eta Straussen lanik ezagunenak. Han emango zaio bukaera jaialdiari ere, martxoaren 8an: Granada Hiria orkestrak Manuel de Falla konpositorearen Noches en los jardines de España eta El amor brujo lanak joko ditu, sortzaile espainiarra jaio zenetik 150 urte bete direla gogoratzeko. 

Ganbera orkestrak 0B aretoan arituko dira. Europako hainbat musikari etorriko dira Bilbora lehen aldiz: Franz Liszt Chamber Orchestra, Zagrebko Bakarlariak, Englis Chamber Orchestra eta Gli Incogniti. 0E aretoan, familientzako ikuskizunak egingo dituzte. Musikagileei eskainitako zinema emanaldiak ere han egingo dituzte. Ikus-entzunezkoen eskaintza 0C aretoan egongo da: hainbat kontzerturen grabaketak proiektatuko dituzte, eta horiek ikusteko sarrera doakoa izango da. Kioskoan, Euskal Herriko zein kanpotik etorritako hamabi musika eskola eta kontserbatoriotako ikasleen kontzertuak emango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!