Astelehenetik aurrera erabilgarri egongo da Bediako tren geltoki berritua

43 ibilgailurentzako lekua duen aparkalekua ere eraiki dute, inguruko herrietako bizilagunentzat.

Eusko Jaurlaritzako eta Bediako Udaleko ordezkariak, atzo, geltokira egindako bisitan. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta Bediako Udaleko ordezkariak, atzo, geltokira egindako bisitan. IREKIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 24a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berritze lanak bukatuta, astelehenean egongo da erabilgarri Bediako geltokia, Bilbo eta Donostia arteko Euskotrenen linean. Lehengoaren aldean, «seguruagoa eta erosoagoa» izango da, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak adierazi duenez. Bidaiarientzako atondo bat eraiki dute. Nasen arteko trenbide pasagunearen ordez, pasabide goratu bat jarri dute, eta hara igotzeko igogailuak. Nasetako aterpeak ere berritu dituzte, eta argiztapena hobetu. Ia hiru miloi euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzak.

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko, inguruko herrietako bizilagunentzako aparkaleku bat ere egin dute; besteak beste, Lemoako eta Usansoloko herritarrei trena hartzera joatea erraztuko die. 2.150 metro karratuko eremuan, 43 ibilgailurentzako lekua atondu dute. Horietatik bi auto elektrikoak kargatzeko prestatu dituzte, eta beste bi mugikortasun urria duten pertsonek aparkatzeko izango dira. Bizikletak aparkatzeko gune bat ere badago.

Bidaiarientzako eraikinak 110 metro koadroko solairu bakarra du, hiru eremutan banatuta: atari nagusia erdian eta bederatzi metro koadroko gela bana alboetan, Euskotreneko beharginentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.