Duela urte bi, orduko Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hartu zuen parte 1937an Saibi mendiaren inguruetako borrokaldietan hildakoen aldeko omenaldian. Frankismoaren aurka han bizia galdu zutenei egindako lehen aitortza instituzionala izan zen. Aurten, lehenengoz Asturiasko Gobernuak ere parte hartuko du. Bihar egingo duten ekitaldian, Asturiasko Memoria Demokratikorako sailburu Ovidio Zapico egongo da. Izan ere, gudu haietan, gudariekin batera, Asturiastik etorritako milizianoak ere borrokatu ziren frankisten kontra.
Saibigain 1937 elkarteak antolatu du omenaldia, beste elkarte memorialista batzuek lagunduta. 10:00etan abiatuko dira Urkiolako santutegitik, Saibi gainerantz. 11:00etan egingo dute omenaldia tontorrean dagoen gurutzearen inguruan. Diktadurak ipinitako eskultura erraldoia da, leku hartan hildako frankisten omenezkoa. Baina 1976an errepublikaren alde borrokatu zirenen omenezko plaka bat ipini zioten, esangura aldatzeko. Lore eskaintza bat egingo dute, hango guduetan parte hartu zuten batailoiak eta hil ziren gudariak eta milizianoak izendatzen dituzten bitartean. Saibigain 1937 elkarteko presidente Teresa Usaolak eta Berangoko Burdin Hesiaren Omenezko Museoko zuzendari Aitor Miñambresek berbaldi bana egingo dute.
Saibi inguruko gudua 1937ko apirilaren 5ean hasi zen, Otxandio eta Urkiola arteko errepidean izandako lehen borrokaldiekin. Zenbait egunez borrokatu ziren, harik eta apirilaren 15ean erreketeen Nafarroa brigadak Saibi gaina behin betiko eskuratu zuen arte. Horri esker lortu zuten frankistek Intxortarantz jarraitzea. Gogora institutuak emandako datuen arabera, 250 bat lagun hil ziren Saibi mendiaren inguruaren izandako guduetan, baina horietatik ehun gorpu baino gehiago berreskuratu barik daude oraindik.
Bonbardaketa, Diman
Joan den astelehenean bete ziren 89 urte frankistek Dima lehenengoz bonbardatu zutenetik. Herriko ermita guztietan kanpaiak joz gogoratu zuten urteurrena, baina ekitaldi nagusia bihar egingo dute, 12:30ean, frontoi txikian. Bonbardaketen, gerraren eta ondorengo diktaduraren biktimen omenezko lore eskaintza egingo dute udalak eta herriko eragileek. Aurten, andreak izango dira ekitaldiaren ardatza: Errepublika garaian lortutako eskubideak eta ondorengo galerak gogoratuko dituzte. Horrez gain, beste jarduera bi ere antolatu dituzte: apirilaren 19an, Mikel Etxabururen Manttalingo alaba (Pamiela, 2024) poesia liburua errezitatuko dute Dimako elizan, eta, ekainaren 11n, Cira Crespok euskal feminismoaren hastapenei buruzko berbaldia egingo du Abaroan.