Sarri gertatzen zaie autonomoei negozioari eutsi ahal izateko diru eske joan eta bankuak ezetz esatea. Hala daudenei finantzaketa errazteko mikrokreditu sorta bat sortu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte, enpresa txikiak laguntzen zituen Bizkaia Mikro sozietateak; aurrerantzean autonomoak ere babestuko ditu. Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuaren esanetan, neurri «aitzindaria» da Europan. Aurreikusi dutenez, lehen urtean 60 mikrokreditu emango dizkiete beste horrenbeste autonomori. Batez beste, 10.000 eurotik gora bakoitzari; beraz, kalkulatu dute 600.000 euro inguruko inbertsioa egingo dutela.
Diputazioak ezarritako hiru baldintzak betetzen dituen edozein autonomok eskatu ahal izango ditu: egoitza fiskala eta operatiboa Bizkaian izatea, gutxienez hiru urte eroatea autonomoen erregimenean alta emanda, eta negozioaren jardunean dedikazio osoa edukitzea. Edozein arlotan dabiltzan autonomoak izan daitezkeela nabarmendu du Bizkaia Mikro foru sozietatearen kudeatzaile Marcos Salinerok: «Askotan, autonomoei lotutako enpresa txikietan pentsatzean, denoi datorkigu burura merkataritza negozioak izango direla, baina espero dugu kreditua eskatuko dutenen %30 izango direla». Eskaera epea zabaldu aurretik, probatu egin dituzte mikrokreditu horiek Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak bultzatutako autoenplegu programan ibilitako zazpi autonomorekin. «Ile apaintzaile bati eman diogu, kamioilari bati, arropa denda baten jabeari, psikologo bati, kamerari bati...».
«Kreditu lerro hau ez dago ekintzailetzara bideratuta», ohartarazi du Laespadak. Lehendik martxan dauden negozioentzat izango dira. «Helburua da dagoeneko bideragarritasuna eta ibilbidea egiaztatu duten autonomoei sendotzen, modernizatzen, hazten edo inbertsio berriei aurre egiten laguntzea». Eragotzi gura dute «talentua eta gaitasuna» erakutsi duten pertsonek negozioa zarratu behar izatea finantzatzeko zailtasunak dituztelako.
93ÂBizkaia Mikrok zenbat kreditu eman zituen iaz Orain arte, Bizkaia Mikro foru sozietateak enpresa txikiak baino ez zituen finantzatzen. Iaz, 93 mikrokreditu eman zizkien beste horrenbeste enpresari. Guztira, 2,2 milioi eurotik gora izan ziren emandakoak.
Kredituen baldintzei dagokienez, «oso onak» direla iritzi dio diputatuak. Interes tipoa %2,5ekoa da. Lehen urtean ez da prestatutako dirua amortizatu beharko. Amortizazio epea bost urtekoa izango da. Produktua edo zerbitzua saldu bai, baina kobratu bitartean eguneroko gastuei aurre egiteko 15.000 eurora arteko laguntza eskatu daiteke. Inbertsioetarako, 50.000 euroraino. Laespadak azpimarratu du ez datozela bankuekin lehiatzera; haiekin lankidetzan dabiltzala azaldu du. «Haien baldintzak betetzen ez dituztenak guri bidaliko dizkigute, gure baldintzak betetzen badituzte».