Otsaileko osoko bilkura egin du gaur Getxoko Udalak, eta Irurak Bat jauregiaren auzian inputatuta dauden hiru zinegotzi jeltzaleen ordezkoek kargua hartu dute. Urtarrilean eman zuten dimisioa Ignacio Uriartek, Irantzu Uriartek eta Iñigo Urkitzak. Aurrerantzean, Aingeru Torrontegi izango da Ogasun eta Diruzaintza Saileko burua; Carlos Sergio da Ingurumen zinegotzi berria; eta Elisabete Basañezek gidatuko du Sustapen Ekonomiko eta Turistikoa, Bide Publikoko Ekitaldiak, Punta Begoña eta Herritarrentzako Arreta Saila.
Agintaldia hasi zuenetik Amaia Agirre alkateak egin duen laugarren gobernu moldaketa izan da oraingoa. Zinegotzi aldaketak beste arlo batzuei ere eragin die. Izan ere, Gorka Mostajo izango da aurrerantzean Kultura, Gobernu Ireki eta Euskara zinegotzia, eta Zaloa Campillo arduratuko da Eraldaketa Digitala, Komunikazioa, Kontratazioa eta Pertsonal Sailaz. Alkatearen esanetan, aldaketa horiei esker Getxoko Udala «prest dago udalerriaren erronkei erantzuteko».
Gaurko bilkuran, lau milioi euro inguruko kreditu gehigarria ere onartu du udalak. Getxoko hainbat auzotan espazio publikoa hobetzeko, oinarrizko azpiegiturak modernizatzeko eta udal azpiegiturak egokitzeko erabiliko da dirua. Gainera, parke eta lorategi publikoak mantentzeko zerbitzuaren kontratua luzatzea ere onartu du: urtebetez egongo da indarrean, eta 2,8 milioi euroko kostua izango du. Bestetik, La Terraza udal eraikina ustiatzen duen enpresa elkarteari 4.500 euroko zigorra ezarri diote, ez duelako ordaindu bederatzi hileko kanona, kontratuan hala jasota dagoen arren.