Gazteentzako STEAM diziplinen gune bat inauguratu dute Azkuna zentroan

Tumo Bilbo-Bizkaia du izena; diputazioak, Bilboko Udalak eta La Caixa fundazioak sustatu dute, eta, irailetik aurrera, astero 12 eta 18 urte arteko mila bat ikasle izango ditu.

Agintariak eta ikasleak, gaur, Tumo Bilbo-Bizkaia zentroaren inaugurazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Agintariak eta ikasleak, gaur, Tumo Bilbo-Bizkaia zentroaren inaugurazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko maiatzaren 13a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ez dago martxan, baina Tumo Bilbo-Bizkaia zentroak dagoeneko jaso ditu lehen bisitariak. Goizean, Bilboko Unamuno, Leioako Artaza-Romo eta Muskizko Somorrostro institutuetako 45 ikasle izan dira han, agintariak inaugurazio ekitaldia egiten ari ziren bitartean. Programazioari, argazkigintzari eta diseinu grafikoari lotutako hiru tailerretan hartu dute parte. «Oso interesgarria da. Ez badakizu etorkizunean nondik jo, seguruenik institutuan ere ez dizute argituko. Hemen aukera batzuk probatu ditzakezu, gustatzen zaizun zerbait topatuko duzu, eta horri lotutako ikasketak egin ditzakezu gero», esan du Jesus Ocantok. 16 urte ditu, eta Unamunoko ikaslea da. Berez, datorren ikasturtean jarriko dute martxan zentroa, eta astero STEAM konpetentziak —Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika— irakatsiko dizkiete 12 eta 18 urte arteko mila bat ikasleri. Ocantok ez du baztertu izena ematea.

Gaurko saioa ez da nahikoa izan Ocantok gustuko arloa aukeratzeko. Somorrostron ikasten duen 14 urteko Laura Lopezek, ostera, argi dauka: argazkilaritzak erakarri du. Ordenagailuan bideojoko baten azala ere egin dute, eta hori ere gustatu zaio. «Motibagarria eta dibertigarria da hemen egiten dena. Oso modu ona dute irakasteko, eta gogoa», adierazi du Lopezek.

Ikasleak, gaur, Tumo Bilbo-Bizkaia zentrora egin duten bisitako ikastaroetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ikasleak, gaur, Tumo Bilbo Bizkaia zentrora egin duten bisitan, ikastaroetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bilboko Azkuna zentroan dago Tumo, Lantegia izeneko arte gunea egondako eraikinean. 2024ko abenduan, orduko Azkuna zentroko zuzendari Fernando Perezek dimisioa eman zuen. Ez zituzten arrazoiak jakinarazi, baina, hainbat hedabideren arabera, artisten egonaldietarako eta proiektuetarako erabiltzen zen Lantegia eremuari erabilera aldatzeko erabakiagatik dimititu zuen. Orduan jakin zen Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak STEAM diziplinetarako gela bat bultzatu gura zutela han, La Caixa fundazioarekin batera. Urte eta erdiren ondoren, gaur ireki dute gela hori.

«Ezin dugu sormena akaburako utzi; ez da gai garrantzitsuak bukatzean geratzen dena. Sormena pentsatzeko modu bat da» 

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Jon Garai Tumo Bilbo-Bizkaiko zuzendariak adierazi duenez, gaur abiatu dute matrikulazio garaia, eta eskolak urriaren 5ean hasiko dituzte. Arratsaldeetan eta zapatu goizetan izango dira. Ikasleak 170 kideko sei taldetan banatuko dituzte, eta bakoitzak bere ordutegia izango du, astean lau ordukoa. Hasierako fasean, zortzi irakaskuntza eremu izango ditu zentroak: robotika, argazkigintza, bideojokoen garapena, diseinu grafikoa, zinema, programazioa, musika eta animazioa. 2027ko irailetik aurrera, 3D modelatua eta adimen artifizial sortzailea ere izango dituzte. Ikasturtea hasi eta lehen hilabetean hainbat eremu probatuko dituzte ikasleek, gehien interesatzen zaizkien laurak aukeratzeko. Aste batzuetan autoikaskuntza landuko dute trebatzaileek lagunduta, eta beste batzuetan ikasitakoa praktikan jarriko dute tailerren eta proiektuen biez. Ikasle bakoitzak ikasketa plan pertsonal bat izango du. Guztira 32 profesionalek osatuko dute lantaldea.

Tumo Bilbo-Bizkaia zentroan eraikiko dituzten robotetako bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Tumo Bilbo-Bizkaia zentroan eraikiko dituzten robotetako bat. ARITZ LOIOLA / FOKU

Datozen asteetan Bizkaiko ikastetxeen bisitak jasoko dituzte, ikasleek proiektua bertatik bertara ezagutu dezaten. Funtsean, eskolaz kanpoko ikasketetarako gune bat izango da Tumo. Gazteek esploratu, sortu eta gaitasunak garatuko dituzten toki bat izango da, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan: «Tumon bokazioak jaioko dira, pentsamendu kritikoa sustatuko da eta sormena landuko da». Bilboko gazteen talentua eta hiriak aukerak sortzeko duen gaitasuna nabarmendu ditu alkateak: «Ez daitezen gizarte jatorriaren, auzoaren edo abiapuntuaren mende egon, esfortzuaren, jakin-minaren eta ikasteko gogoaren mende baizik». Doako zerbitzua da, eta dagoeneko izena eman daiteke.

«Gazteek beren ama hizkuntzan sortu behar dute eta egin behar dute lan. Horrela egiten dutenaz harro sentitzen dira»

MARIE LOU PAPAZIAN Tumo zentroen sortzailea

Gazteei teknologiaren eta artearen arloko prestakuntza ematea zeinen garrantzitsua den azpimarratu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Izan ere, haren esanetan, azken urteetako aurrerapenek kezka sortu dute: «Guk erabiliko dugu teknologia ala teknologiak erabiliko gaitu gu?». Galdera horren aurrean horrelako proiektuen beharra nabarmendu du. «Konponbidea ez da gazteak teknologiatik aldentzea, hura erabiltzen irakastea baizik». Teknologiarekin eta zientziarekin batera, arteak ere lekua izango du Tumon, eta horri ere inportantzia eman dio ahaldun nagusiak: «Ezin dugu sormena akaburako utzi; ez da gai garrantzitsuak bukatzean geratzen dena. Sormena pentsatzeko modu bat da».

Tumo Bilbo-Bizkaia zentroko musika estudioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Tumo Bilbo-Bizkaia zentroko musika estudioa. ARITZ LOIOLA / FOKU

Armenian sortu ziren Tumo zentroak, eta dagoeneko hamar herrialdetan dauden. Marie Lou Papazian izan zen sustatzaileetako bat, eta gaur Bilbon egon da. Armenia eta Bizkaia alderatu ditu. Esan du bietan dagoela hizkuntza eta kultura gatazka bat. Horregatik, zentro hauetan beti tokiko hizkuntzak erabiltzearen aldeko apustua egin dute, eta, beraz, Bilbokoan euskara erabiliko dute. «Gazteek beren ama hizkuntzan sortu behar dute eta egin behar dute lan. Horrela egiten dutenaz harro sentitzen dira, eta segurtasun handiagoa dute etorkizunerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA