Urriko azken astelehena izango da datorren astekoa. Gernika-Lumo (Bizkaia) jendez beteko da urteko azoka nagusirako, eta haietako asko trenez joango dira. Aurten, Euskotrenen geltoki berriak egingo die ondoetorria: bariku honetan irekiko ditu ateak.
Atari berria Bermeorako trena hartzen den nasan dago, trenbidearen herriguneko aldean. Betiko tren geltokiaren eta autobus geltokiaren artean eraiki dute, garai batean biltegia egondako lekuan. Bi sarbide ditu: eraikin historikotik eta autobus geltokitik. Beste sarrera bat ere egin diote, hirugarrena, ezohiko jendetza dabilen garaietarako; esaterako, datorren astelehenerako. Betiko tren geltokiaren eraikina, bada, aurrerantzean ez da bidaiarientzat erabilgarri egongo.
Duela urte bi hasi zituen ETS Euskal Trenbide Sareak lanak Gernikan. Geltoki berriaz gain, bestelako zeregin batzuk ere egin dituzte: trenbidea, katenaria eta seinaleak aldatu dituzte, esaterako. Horrez gain, Bermeorako trena hartzen den nasatik Bilborakoa hartzen den nasara pasatzeko, aurrerantzean bidaiariek ez dute trenbidea zeharkatu beharko: gainetik doan pasabide bat eraiki dute, bidaiariek segurtasunez gurutzatu ahal izateko.
Geltoki berriaren eraikinak 244 metro koadro hartzen ditu, eta batez ere kristalez egindakoa da. Horri esker, argi naturala sartzen da, eta eraikinaren inpaktu bisuala txikiagoa da kanpoko aldean.
Ezkerraldeko aldiriko trenetan, ohiko zerbitzua
Renferen C1 lineak zerbitzua %100ean eskainiko du bihartik aurrera. Irailean, Peñotako (Santurtzi, Bizkaia) katenarian sutea piztu zen, eta hainbat egunez zerbitzua etenda egon zen Barakaldo eta Santurtzi arteko zatian. Gerora, apurka zerbitzua berreskuratuz joan dira, eta orain arte astegunetan trenen erdiak baino ez dira ibili. Bihartik aurrera ohiko maiztasunera itzuliko dira.