Basauriko eskola publikoetako gurasoek jangeletarako kozinatuko duen sukalde bat nahi dute herrian

Salatu dute azken bost urteetan ikasleei jaten eman dien catering enpresaren zerbitzua ez dela «onargarria». Jaurlaritzak ikasturte honetarako hitzeman zien sukaldea, baina oraindik ez du martxan jarri.

Basauriko Soloarte eskola publikoa, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Basauriko Soloarte eskola publikoa, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 13a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroan, Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jangelan, zizare bat aurkitu zuten babarrun platerean. Abenduan, beste zomorro bat topatu zuten ikastetxe bereko ikasle baten arroz platerean. Horiek dira salatu dituzten kasurik larrienak, baina, udalerriko eskola publikoetako guraso elkarteen esanetan, haien seme-alabei jaten ematen dien catering enpresaren zerbitzua «ez da onargarria». Diotenez, «osasuntsuak ez diren menuak» prestatzen dizkiete, osagai izoztuekin eta aurrez prestatutakoekin egindakoak; janari ultraprozesatuak izaten dira, termoetan denbora gehiegi pasatzen dute, eta platerean ipintzen dieten kopurua «eskasa» izaten da. Jangelako langileak «gutxi» direla ere ohartarazi izan dute. Horregatik, eredua aldatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. 

Egungo catering enpresa 2021etik ari da zerbitzua ematen, eta orduan hasi ziren gurasoen kexak. Salatu dutenez, urtero hitzeman dizkiete hobekuntzak, baina ez dira bete. Gurasoek uste dute konponbidea dela herriko ikastetxe guztietarako kozinatuko duen sukalde publiko bat jartzea Basaurin bertan. Urteak daramatzate aldarrikapen horrekin. 2024an Basauriko Udaleko osoko bilkura batean hartu zuten parte, eta udalari eskatu zioten sukalde hori sortzeko. 

Hainbat onura ikusten zizkioten proiektuari: herriko eskoletarako eta interesa zuten beste zentro batzuetarako kozinatuko zuen, enplegua sortuko zuen herrian, eta tokiko merkataritzan oinarritutako kalitatezko janaria eskainiko zukeen. Gero, Eusko Jaurlaritzarekin bildu ziren, eta gobernuko ordezkariek sukalde hori martxan jartzeko erronka onartu zuten. Azken berria iazko ekainean izan zuten: Hezkuntza Sailak iragarri zuen ikasturte honetan bertan jarriko zuela martxan Basauriko eta inguruko bederatzi ikastetxeri zerbitzua emateko. Baina ordutik ez da nobedaderik izan, eta ikasturtea hasieratik baino gertuago dago bukaeratik.

Guraso elkarteek inkesta egin dute gurasoen artean, eta emaitzek argi erakusten dute zerbitzuak ez dituela asebetetzen. «Eskola jantokietan ematen duten bazkaria egokia eta osasuntsua dela uste duzu?» galderari %77,2k ezezkoa erantzun zioten. %64,7k esan zuten begiraleak falta direla jangeletan.

Larrabetzuko eredua

Larrabetzuko Eskolako jantokia Txinpasmendi guraso elkartearen esku dago 2008tik, gurasoek ez zutelako gura zerbitzua catering enpresen esku utzi. Haiek arduratzen dira menua osatzeaz, elikagaiak erosteaz eta langileak kontratatzeaz. Bizkaian aitzindariak izan dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako ereduari aurre egiten. Izan ere, 2000. urtean Hezkuntza Sailak catering enpresen esku zuen bere eskola guztien jangela zerbitzua.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide talde baten bisita izan dute Larrabetzun, eta zelan lan egiten duten azaldu diete. «Gure herriko haurrek menu osasuntsu eta jasangarria jasotzen dute, tokiko produktu fresko eta, ahal den neurrian, ekologikoekin egina. Gainera, herriko komertzio ekoizleak lehenesten dira; eta, beraz, aurrekontuaren ehuneko handia herrira itzultzen da: soldatak, dendak, baserritarrak… Ekonomia zirkularra bultzatzen du gure egitasmoak», adierazi dute. Edozelan ere, Eusko Jaurlaritzako sistematik kanpo egoteak badu alde txarra: ezin dituzte hainbat laguntza jaso. Hori ere kontatu diete legebiltzarkideei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA