Sukaldariak bol batean ipini ditu aurrez labean egindako patatak. Gazitu, eta arrautza likidoarekin nahastu ditu. Ondoren, olio apur batekin busti duen moldeetan ipini du orea. Tortillatxoak egingo ditu hala; bakoitza batentzako errazioa da. Eta labera, Txurdinagako (Bilbo) Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolan publikoko sukalde bertikalera. Ohikoa duen lan hori publiko aurrean egin du gaur sukaldariak. Basauriko eskola publikoetako guraso elkarteetako ordezkariak, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua bere lana bertatik bertara ezagutzera joan zaizkio. Izan ere, Basauriko zazpi ikastetxe publikoetan sukalde eredu berria ipiniko du Jaurlaritzak: eskola bateko sukaldeak inguruko beste batzuei ere emango die jaten.
Guztira zazpi ikastetxe daude herrian. Orain arte catering enpresak ekarritakoa jan izan dute. Horietako hirutan sukalde bertikal elektriko bat ipiniko diete, Txurdinagan dutenaren modukoa, eta tokian toki sukaldariek bertako ikasle, irakasle eta beharginentzat kozinatuko dute. Sofia Taramona, Arizko ikastola eta Basozelai ikastetxeetan jarriko dituzte sukaldeak. Bakoitzean 240 eta 400 pertsona artean egoten dira egunero bazkaltzen. Soloarten ere sukalde elektrikoa ipiniko dute, baina handiagoa, «industriala», Pedrosa sailburuak esan duenez. Han kozinatuko dute Soloarteko jangelan bazkaltzen dutenentzat, baina baita ere Jose Etxegaraiko, Kareagako, Bizkotxaldeko jangeletan bazkalduko dutenentzat. «Ikastetxe txikiak dira, eta ez dute sukalde bat jartzeko lekurik». Guztira, zortziehun pertsonarentzako jatekoa prestatuko dute Soloarteko sukaldean. Oraindik ez dago martxan hasteko datarik, baina sukaldeotako batzuk hurrengo ikasturtean prest egotea gura luke Hezkuntza sailak.
Eredu hori berria da Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen zentro publikoetan, eta Basaurin probatu ondoren erabakiko dute beste leku batzuetara hedatzeko modukoa den; adibidez, Gasteizera. «Basaurik baldintza egokiak betetzen ditu lehen esperientzia misto hau ezartzeko, bai ikastetxe eta ikasle kopuruagatik, bai eskola bakoitzaren beharretara hainbat irtenbide egokitzeko eskaintzen duen aukeragatik». Alkateak nabarmendu duenez, Basauriko gurasoak aspalditik ari dira herrian bertan kozinatzea eskatzen. Azken urteetan, Hezkuntza Sailarekin hainbat bilera izan dituzte, eta azkenaldian salatu izan dute gobernuak ez zuela betetzen hitzartutakoa. Azkenekoz, hilabete honetan bertan. Gaur ez dute adierazpenik egin gura izan, baina sailburuak eta alkateak esan dute ikusitakoarekin pozik joan direla guraso elkarteetako ordezkariak. «Egia da urteak igaro direla lehen elkarrizketak eta gestioak egin zirenetik, baina proiektu konplexu eta anbiziotsu batez ari gara, eta aurrerapen handia da Basauriko familientzat, irakasleentzat eta, batez ere, ikasleentzat».

Sailburuak esan du orain arteko catering eredua baino garestiagoa dela tokian toki sukaldeak jartzea. «Baina gure lehentasuna ikasleen ongizatea da. Gainera, jangelak hezteko lekua ere badira, ikasgelakoa eta patiokoa ere hona ekarri nahi dugu». Besteak beste, elikaduraren eta gertuko produktuak kontsumitzearen garrantzia ikasiko dute bazkalorduan. Izan ere, eredu honetan sukaldariek gertuko ekoizleen produktuak erabiltzen dituzte.
Balorazio «oso ona»
Txurdinagako eskolan urtebete daramate sukalde elektrikoan kozinatzen. Idurre Arana jangelako begiralea da. Kontatu duenez, aldea nabaritzen da: «Koipe gutxiago du janariak. Ia dena egiten da labean. Erretilua olio oso gutxirekin lainoztatzen da, eta besterik ez. Ez da jaten janari frijitu oliotsurik, beraz, osasuntsuagoa da». Iaz arte catering enpresa batek ekartzen zien jatekoa, mahaian jartzeko prest. Aranaren esanetan, oraingoa «mimoz» egindako janaria: «Ez da gauza bera mila pertsonarentzat egitea edo berrehunentzat». Ikasleen eta gurasoen balorazioa «oso ona» dela nabarmendu du.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 158 ikastetxetan dute sukaldea, eta dagoeneko zazpitan ipini dute Txurdinagakoak duen moduko sukalde elektriko bat. Bizkaian, Bilboko Zurbaran eskolak eta Alonsotegikoak ere badute. Sailburuak nabarmendu duenez, sukaldarientzat erosoagoa da: sukaldeko roboten moduan, hainbat plater egiteko aukera ematen die; ehundik gora, sukaldariak bisitan azaldu duenez. Leioan, Urduñan, Arrigorriagan, Ermuan, Abadiñon, Iurretan, Plentzian eta Santurtzin ere sukaldeak jarriko ditu Jaurlaritzak eskoletan. Zamudion, berriz, zonako sukaldea ipintzea da asmoa, Basauriko Soloarteren modukoa.