Denbora asko da. Gizarte zerbitzuetan mendekotasun maila baloratzeko eskaera egiten denetik balorazioa jaso arte, batez beste, Bizkaian 70 egun igarotzen dira. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuak inguruko beste lurralde batzuekin alderatu du datua: «Denbora gutxien behar dugunak gara; beste erkidegoekin konparatzen badugu, aldea handia da». Iaz, 23.957 balorazio egin ziren; %55,63 berrikuspenak izan ziren. Guztira, urte bukaeran 66.538 bizkaitar zeuden mendekotasunaren balorazioa eginda zutela. Bilbon, 5.000 pertsona inguruk eskatzen dute urtero lehen aldiz balorazioa; iaz 23.198 balorazio egin ziren hiriburuan, eta horietatik 13.572ri mendekotasun mailaren bat aitortu zitzaien. Hau da, bilbotarren %3,87k dute balorazioa eginda eta aitortua.
Halako prozesuak, oro har, katramilatsuak izaten dira herritarrentzat. «Administrazio publikoan oso burokratikoak gara, bermeetan oinarritutako sistema bat dugulako, baina horrek ez dio herritarrari eragin behar. Herritarrak arazo bat du, eta nork lagunduko dion jakin nahi du». Gizarte Ekintza diputatuak azaldu duenez, helburu horrekin sortu dute diputazioak eta Bilboko Udalak Mendekotasunaren balorazioa izeneko gida. Gaur aurkeztu dute.
Erakunde bietako gizarte zerbitzuetako teknikariek hartu dute parte gida osatzeko prozesuan. Mendekotasun mailaren balorazioa eskatzera doazenei azalpenak emateko erabiliko dute, eta, horrez gain, liburuxka bat ere argitaratuko dute, gizarte zerbitzuetan eta Osakidetzaren zentroetan banatzeko. Gidak erraz azaltzen du zer den mendekotasunaren balorazioa, nola eta non egin behar den eskaera, zeintzuk diren mendekotasun mailak eta zer baliabide eta prestazio eskuratu daitezkeen maila bakoitzean. Oraingoz bilbotarrentzat izango da, baina Antxustegik esan du gura luketela Bizkaiko beste udalerri batzuetara ere hedatu.
Laguntza pertsonalizatua
Gida honekin prozesua «argiagoa, ulerterrazagoa eta gizatiarragoa» bihurtu gura dute. «Gura dugu balorazio eske datozenek jakin dezatela zer egin behar duten, nora joan behar duten eta nork lagunduko dien momentu bakoitzean», esan du diputatuak. Izan ere, kontatu duenez, mendekotasuna dutenak eta haien senideak «zaurgarri» sentitzen dira gizarte zerbitzuetara joaten direnean. Gidari esker, laguntza pertsonalizatua eskaini ahal izango dute, prozesu bakoitza ezberdina baita: «Kasu bakoitzak bere ezaugarriak, bere erritmoak eta bere beharrak ditu», esan du Juan Ibarretxe Bilboko Gizarte Ekintza zinegotziak. Ibarretxeren arabera, pertsona bakoitzari egokitutako planak eskainita, jendeak errazago eskuratuko ditu baliabideak, «burokrazia txikitzen baitu».
Eman beharreko pausuak ez ezik, erabiltzaileek eskura izango dituzten programak eta zerbitzuak ere sartu dituzte gidan. Bizkaiko Foru Aldundiko Etxean Laguntzeko Zerbitzuko buru Ainhoa Resanoren esanetan, fluxu diagrama da gidak duen tresnarik baliagarriena: «Prozesuan topatuko dituzten baliabide guztiak agertzen dira, diputazioarenak ala udalarenak diren zehaztu gabe, erabiltzaileari ez zaiolako inporta. Ikusiko du erakunde bateko eta besteko langileak dituela laguntzeko, eta askotan alde bietatik jasoko duela laguntza».