Begirik bildu ezinda

Bilbo erdiguneko bizilagunek urteak daramatzate euren etxe inguruetako tabernen eta dantzalekuen bueltan sortzen den zarataz kexatzen: asteburuero gainditzen du Osasunaren Mundu Erakundeak kaltegarritzat jotzen duen dezibel zenbatekoa.

(ID_13612564) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-02-16, Bilbo. Bilboko gaueko zarataren inguruko erreportajea
Bilboko Ledesma kalea jendez lepo, joan den ostiralean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko otsailaren 26a
05:00
Entzun

Asteburua noiz iritsiko zain igarotzen dute askok astea. Bilbo erdigunean bizi diren bizilagunek, ordea, «tentsioz» bizi dute asteburuaren etorrera. «Ostegunetik igandera, zarata itzela egoten da auzoan; ezin da lorik egin», kontatu du Lourdes Llorens Bilboko Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko lehendakariak. Bilboko Abando auzoko zarata aztertu du auzo elkarteak, eta nabarmendu dute «asteburuero-asteburuero» gainditzen dela Osasunaren Mundu Erakundeak kaltegarritzat jotzen duen dezibel zenbatekoa. Bilboko Udalari neurriak «lehenbailehen» hartzeko eskatu diete.

Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko kideak urteak daramatzate euren etxe inguruko tabernen eta dantzalekuen bueltan sortzen den zarata jasaten. Eta ez jasaten bakarrik, baita salatzen ere. 2017. urtean bidali zuten lehenengo kexa Bilboko Udalera, eta, ordutik, «etengabe» aritu dira Abando eta Indautxu auzoetako kutsadura akustikoaren inguruko informazioa eskatzen. Auzo horiek Babes Akustiko Bereziko Gune izendatzeko ere eskatu izan dute.

Izan ere, «auzi larri bat» da zaratarena, elkarteko kideen arabera. «Zehatzago esanda, osasun publikoko arazoa da zarata», nabarmendu du Llorensek: «Osasunaren Mundu Erakundeak esaten du 55 dezibel gainditzen dituen gaueko zaratak bihotzeko eta zirkulazioko arazoak eragin ditzakeela, neurodegeneratiboak...; nahi adina dokumentazio zientifiko dago. Gaixotasunak eragiten ditu, baina ez da behar beste zabaldu, eta herritarrek ez dute barneratuta zaratak zenbat eragin dezakeen osasunean».

«Osasun publikoko arazoa da zarata. Gaixotasunak eragiten ditu, baina ez da behar beste zabaldu, eta herritarrek ez dute barneratuta zaratak zenbat eragin dezakeen osasunean».

LOURDES LLORENSBilboko Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko lehendakaria

2022ra arte sonometroen emaitzen zain egon dira auzo elkarteko kideak. «Urte horretan, hamar sonometroren datuak baino ez zizkigun eman udalak; 31 ziren denera», esan du Marisa Fernandez auzo elkarteko kideak. Gaineratu du GeoBilbao eta Open Data webguneetan baino ez zutela eman horien berri: «Datuak etengabe ari ziren eguneratzen; ez zen baliagarria». Era horretara Bilboko Udalak «desinformazio estrategia bat» garatu zuela uste dute elkarteko kideek. «Datuak eman zizkiguten, baina ezinezkoa zen horietatik ondorio argirik ateratzea», azpimarratu du Fernandezek.

Bost eremuren azterketa

Zehazki, 2023ko abendura arte itxaron behar izan dute datu guztiak zehatz jasotzeko: «Esan behar dugu modu ordenatuan bilduta daudela datu guztiak, egunetan eta orduetan antolatuta». 2020tik 2023ko urriaren 31ra bitarteko datuak eman dizkiete, eta, batez beste, 50.000 erregistro bildu dituzte.

Horiek guztiak aztertu beharrean, auzoan esanguratsuak diren bost eremu aukeratu dituzte Uribitarte Anaitasuna auzo elkarteko kideek: Uribitarte 6 kalea –Stage eta Backstage diskotekak daude leku horretan–, San Vicente eliza –Kafe Antzokiaren inguruan–, Ibañez de Bilbao kalea –Azkena kontzertu aretoaren inguruan–, eta Ledesma eta Poza kaleak. «Ostegun, ostiral eta larunbat gauetako datuak aztertu ditugu, egun horietan neurtu baitira zaratarik handienak gure auzoan», adierazi du Fernandezek.

«Ostegun, ostiral eta larunbat gauetako datuak aztertu ditugu, egun horietan neurtu baitira zaratarik handienak gure auzoan».

MARISA FERNANDEZBilboko Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko kidea

Emaitza horiei esker, argi geratu da asteburuero gainditzen direla Osasunaren Mundu Erakundeak kaltegarritzat jotzen dituen dezibelak, Candi Lorenzo Uribitarte Anaitasuna elkarteko kidearen hitzetan. Ledesma kalean, esate baterako, zarata 65 dezibeletik gorakoa da une gehienetan; kasuen %70etan, hain zuzen. Pozasen, berriz, Athleticen partidaren bat dagoen bakoitzean, gainezka egoten da kalea. «Oinezkoak ezin gaitezke handik igaro, eta ibilgailuei ere bidea mozten zaie sarritan, kontsumitzaileek kalean lasai asko edan dezaten», esan du Lorenzok. Zarata 80 dezibel baino gehiagokoa da kale horretan; are, batzuetan 95 dezibeletik gorakoa ere bai, eta, hain zuzen ere, OMEk dio horixe dela muga; hau da, hortik gora, arriskua dago zaratak osasun arazoak sortzeko.

Datuak datu, Uribitarte Anaitasuna auzo elkarteko kideek salatu dute ostalaritza lokal berriak zabaltzeko lizentziak ematen dituela oraindik ere udalak. «Gero eta taberna gehiago daude, eta gero eta jende gehiago pilatzen da hainbat kaletan. Premiazkoa da neurriak hartzea».

Bestelako kalte batzuk

Urte hauetan guztietan ostalaritzako lokalak pilatzeak, inpaktu bisualean ez ezik, espazio publikoaren erabileran eta bizilagunen arteko bizikidetzan ere ondorioak izan ditu, Lorenzok esan duenez: «Terrazak espazio publikoaz jabetzen ari dira, eta, kasu batzuetan, ezinezkoa izaten da horietatik igarotzea, jendez lepo egoten direlako».

Horrez gainera, bizilagunen bizi kalitatean eragiten duten «bestelako traba batzuk» ere badaudela azpimarratu du. «Jendeak kalean edaten du, eta kale osoa plastikoz beteta uzten dute; edukiontzietan pixa, botaka… egiten dute», zehaztu du Lorenzok. Gaineratu du parrandaren hurrengo goizean «diru asko» gastatzen duela udalak garbiketa kontuetan: «Kaleak zaborrez beteta geratzen dira, eta hurrengo goizean, ezer gertatu izan ez balitz bezala uzteko, garbitzaileek lan asko egin behar izaten dute: ur asko erabili behar izaten dute. Noski, hori guztia ez dute kontsumitzaileek ordaintzen, udalak baizik».

«Terrazak espazio publikoaz jabetzen ari dira, eta, kasu batzuetan, ezinezkoa izaten da horietatik igarotzea, jendez lepo egoten direlako».

CANDI LORENZOBilboko Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko kidea

Egoera hori «behingoz» amaitzeko eskatu du Uribitarte Anaitasuna auzo elkarteak. Eta hori lortzeko bidean, ostalaritzaren ordutegia mugatzeko eskatu dute, beste kontu batzuen artean. «Argi utzi nahi dugu gu ez gaudela ostalaritzaren aurka, baina aisialdi mota horri buruz hausnartu behar da berehala», gaineratu dute.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, ordea, esan du eurek neurriak «zorrotz» betetzen dituztela: «Neurriak bete ezean, isunak eta zigorrak jasotzen ditugu. Gure establezimenduetatik kanpo gertatzen dena ez da gure ardura». Hala ere, nolabaiteko ardura onartu izan dute aurretik. Izan ere, jendeari zarataren inguruko kontzientzia pizteko asmoz, Latxi ardia sortu zuten Bilboko 28 ostalaritza lokalek 2022ko abenduan, udalarekin elkarlanean.

Oraingoz, Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteak lau mozio aurkeztu ditu udalean, eta, horiez gainera, Arartekoak ere zenbait eskari egin ditu. 7 ordu lo plataformarekin, berriz, astelehenean dute hitzordua Eusko Jaurlaritzan, Lorenzok aurreratu duenez: «Ordutegien aferaren inguruan hitz egingo dugu han». Arazo berari aurre egiten dioten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste elkarte batzuekin elkarlanean osatu zuten plataforma 2022an, eta, gutxienez, zazpi ordu lo egiteko eskubidea dutela aldarrikatzen dute.

dezibelEN mailaketa

  • 0 dB. Isiltasuna. 
  • 0-10 dB. Arnasa lasaia; isolatuta dagoen kobazulo isil bat. 
  • 10-20 dB. Xuxurlak, pausoak.
  • 20-30 dB. Liburutegi bat, mugimendu gutxiko gela bat, hostoak hegan. Lotarako zarata gomendagarria.
  • 30-40 dB. Elkarrizketa bat, olatuak, bizileku lasai bat.
  • 40-50 dB. Bulego bat, zarata gutxi egiten duten etxetresna elektrikoak, hozkailua, jende gutxi dabilen kale bat.
  • 50-60 dB. Irabiagailua, xurgagailua, trafikoa, telebista.
  • 60-70 dB. Beteta dagoen jatetxe bat, telefonoa belarri ondoan joka.
  • 70-80 dB. Eztabaida gogor bat, hiri bateko trafikoa. 75 dBtik gora zarata kaltegarria da.
  • 80-90 dB. Trena, fabrika bateko makina, suhiltzaileen sirena, manifestazio zaratatsu bat.
  • 90-100 dB. Suhiltzaileen sirena hurbil, klaxonak auto ilara batean.
  • 100-120 dB. Maila arriskutsua. Dantzaleku bat, musika kontzertua, petardoak, hegazkin bat aireratzen, 1 Formulako auto lasterketa bat.
  • 120 dBtik gora. Entzumena galtzeko arriskua. Leherketa handi bat, hegazkin bat aireratzen 25 metro baino hurbilago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.