Begoñako basilikaren 3Dko erreplika bat egin dute, indusketen emaitzak dokumentatzeko

Urriaren 13an hasiko dituzte Vecunia herrixka indigena bilatzeko indusketa lanak.

begonako basilika 00
Begoñako basilika, joan den astean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko irailaren 2a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 13an hasiko dituzte Begoñako basilikako indusketa lanak, eta prestaketekin dabiltza egunotan. View Arkitektura eta Ondare Babesa taldeetako beharginek eraikinaren 3D eskaneatzea egin zuten joan den astean, eraikinaren irudi zehatz bat marraztu ahal izateko. Zoruak, hormak, gangak, pilareak, sabaiak eta beste elementu batzuk erregistratu dituzte. Irudi digital hori oinarri moduan erabiliko dute indusketetan egindako aurkikuntzak dokumentatzeko, lan eremuak hobeto antolatzeko eta babes neurriak basilikaren benetako formetara egokitzeko. Erreferentzia puntuak ere ipini dituzte eraikinaren barruan, neurriak zehatzago hartzeko.

Horrez gainera, georradarrekin aztertu dute basilika, barrutik eta kanpotik. Horri esker, lurpea aztertu dute, behegaina altxatu beharrik gabe. Orain, lurpean zer aldaketa dauden ikusi ahal izan dute, non dauden elementuak eta non ez. Beste era batera esanda, ikusi dute non dauden hilobiak, hormak eta interes arkeologikoa izan dezaketen bestelako elementuak. Hala, indusketak zehatzago planifikatuko dituzte.

Langileak Begoñako basilikan beharrean, joan den astean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Indusketen asmoa da Begoñako historia ezagutzea eta kristau kulturak Bizkaian emandako lehen pausoei buruz gehiago jakitea. Gabriel Henao jesuitaren XVII. mendeko idazki batean, Axpelueta inguruko galtzada erromatarreko (Lauroeta, Loiu) haitz bat aipatzen da; zera zegoen harrian idatzita: «VECVNIENSIS HOC MUVIERUNT». Hau da, «hau vecuniarrek egin/eraiki/ordaindu zuten». Uste dute erromanizatutako herrixka indigena garrantzitsu bateko herritarrei buruz ari dela, Vecunia izeneko herri batekoei buruz. Baliteke Bilbon egon izana, Begoñan. Horregatik erabaki dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Elizbarrutiak Begoñako basilikan indusketak egitea, han topatuko dutelakoan.

Zorua altxatuta, bostehun urte dituen hilerri bat topatuko dute lehenengo, hirurehun hobi ingurukoa, eta bakoitzean zenbait belaunaldi lurperatuta. Ez dakite nola hondatu zuten XIX. mendean izandako gerrek. 1864 arte erabili zuten, Begoñako udal hilerria inauguratu zen arte. Beherago, 1510 ingurura arte zutik egon zen eliza erromaniko bat dago. Apala zen, eta zurezko sabaia zuen. Bilbo sortu aurretik eraiki zuten. XIII. mendetik dago dokumentatuta. Seguruenik, burualdean hilerri bat izango du, eta azpian, berriz, duela 1.000-1.100 urteko baseliza. Horrainokoak seguruak dira, dokumentatuta daude eta. Hortik beherakoak izango dira ezustekoak. Lanek urtebete iraungo dute, eta orduan jakingo da Vecunia Begoñako basilikapean egon zen edo ez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA