«Bizkaiak bazuen zor bat Benito Lertxundirekin eta Jose Angel Irigarairekin», esan du Leixuri Arrizabala Bizkaiko Kultura diputatuak. Eta datorren astean kitatuko du, 2025eko ohorezko Lauaxeta saria emanda. Irigaraik (Iruñea, 1942) idatzi zuen Bizkaia maite poema, eta Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1942) ipini zizkion musika eta ahotsa. Biak ere Ez Dok Amairuko kide izan ziren. «Gure herrialdea, Bizkaia, goretsi duten gipuzkoar bat eta nafar bat dira», gehitu du Arrizabalagak. Haren esanetan, «bizkaitar eta euskal herritar guztien soinu banda» osatzen duen kantua da.
Irigaraik lehentxeago idatzi bazuen ere, Bizkaia maite 1977an argitaratu zuen Lertxundik, Zuberoa. Askatasunaren semeei bilduman. Esan izan du diskotik kanpo uztekotan ere egon izan zela, baina, azkenean, ez zuen kanpoan utzi, eta artistaren ibilbideko abesti esanguratsuenetako bat bihurtu zen gerora.Â
Euskararen Egunaren inguruan banatu ohi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta sariak. Aurtengo ekitaldia astelehenean egingo dute, 18:00etan, Bizkaiko Foru Jauregian. Kultura diputatuak iragarri du Lertxundi eta Irigarai ez direla Bilbon izango, «adinagatik».
Poesia eta ikus-entzunezkoak
Gainontzeko sariak nortzuek jasoko dituzten ere iragarri du Arrizabalagak. Poesiaren atalean, idazlearen adinaren araberako sari bi banatzen ditu diputazioak. 35 urtetik beherakoen Lauaxeta poesia saria Ane Labakak (Lasarte, Gipuzkoa, 1992) jasoko du, Hezur berriak (Susa, 2025) lanagatik; 35 urtetik gorakoen atalean, Elena Sanchez (Barakaldo, Bizkaia, 1967) saritu dute, Epilogorik gabe (Erein, 2024) poema bildumagatik.
Azkenik, Ikus-entzunezkoen 2025eko Lauaxeta Saria ex aequo entregatuko da. Batetik, Inge Mendiorozi (Andoain, Gipuzkoa, 1973) emango diote, emakumeek euskal kulturan duten garrantzia aztertzen duen Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako (2025) dokumentalarengatik. Bestetik, Oier Plazari (Gernika-Lumo, Bizkaia,1982), Bigarren Mundu Gerran deportatutako Anjel Lekuona eta Enric Moneren desagerpenari buruzko Popel (2025) dokumentalarengatik.