Bermeoko Udalak 30,6 milioi euroko aurrekontu «sozial, feminista, herrikoi eta euskalduna» onartu du, Nadia Nemeh alkatearen esanetan. Udal gobernuan dauden bi taldeen, hau da, EH Bilduren eta Guzan talde independentearen babesa lortu du proiektuak, eta kontra bozkatu dute jeltzaleek. Bizkaiko beste herri batzuetan ikusi diren gorakaden aldean, Bermeok iazko kopuru igualtsua izango du aurten ere.Â
Etxebizitza sozialak, berdintasuna eta segurtasuna izango dira ardatzetako batzuk. Esaterako, Udaltzaingoak 147.000 inbertituko ditu polizia etxe berria eraikitzeko; irisgarriagoa izango da herritarrentzat, erosoagoa udaltzainentzat, eta merkatuan egongo da. Etxebizitza arloan, udalarenak diren alde zaharreko bost etxebizitza alokairu publikorako baliatuko dituzte, alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko akordioa egin, eta etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko HAPOa moldatuko. Bermeo tentsio handiko eremu izendatzeko ere eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Berdintasun politikei dagokienez, emakumeen etxe edo txoko baten beharra dagoen aztertuko dute. Indarkeria prebenitzeko, puntu seguruen sarea indartuko dute, eraikin publikoak gune seguru bihurtu, eta aholkularitza juridikoa bermatu. Gainera, zaintzaren diagnostikoa egingo dute. Gizarte arloan, osasunari emango diote lehentasuna aurten, sustapen programa berri baten bidez. Alkatearen esanetan, helburua da ongizate mentala eta fisikoa indartzea eta erakundeen arteko saretzea sustatzea.
Udalerri osoan
Areneko kiroldegian ikasgela bat irekiko dute, ikasketak eta kirola uztartzeko. Bizkaiko Jaurerria kalea berrantolatzeko proiektua ere aurten abiatuko dute. Hobekuntzak landa ingurura ere ailegatuko dira: Almika eta Arranotegi arteko bidea konponduko dute, baserri guneetako argiteria hobetu, eta bide ertzak egokituko dituzte.
Bestalde, euskararen kaleko erabileraren neurketa egingo dute aurten, eta Euskararen Kontseilua sortu. Turismo arloan, Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa inauguratuko dute.
Gainera, urte berezia izango da Bermeoko hainbat talderentzat: Alkartasuna Dantza Taldeak 50 urte beteko ditu, Erraldoien Konpartsak 20, Bermeoko Abesbatza, 70, eta Barrueta Arte Elkarteak 75. Hori dela eta, urte bukaerara arte, ezohiko hainbat ekitaldi egingo dituzte elkarteok eta udalak. Bizkaiko eta Busturialdeko dantzari egunak ere Bermeon egingo dira aurten.Â