Plentziako herria duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen euskal presoen eskubideen aldeko Itsas Martxa antolatzen. Bihar hamabigarren aldia ospatuko dute, eta, arlo politikoa alde batera utzi gabe, festa giroari ere eutsiko diote itsasadarrean. Martxaren ostean, herri bazkariari eta kontzertuei ekingo diete.
Hondartzen eguna egitasmoa parte hartzaileago eta ikusgarriago egiteko asmoarekin sortu zuen Etxerat elkarteak Plentziako Itsas Martxa. «Pentsatu genuen itsasadarrean kontzertuak egiteak giroa alaituko zuela», esan du Garikoitz Urizar Itsas Martxaren antolakuntzako kideak. Bostehun pertsona inguru egongo dira uretan, antolatzaileek utzitako 120 piraguatan, ontzi partikularrekin eta mota guztietako flotagailuekin. Antolakuntzak gogoratu du segurtasuna premiazkoa dela: 28 begirale, sorosle eta txalupa laguntzaile baino gehiago izango dituzte hura bermatzeko.
«Jendea animatuz joan da: batzuk euren piraguekin etortzen dira, tabernek pintxoak egiten dituzte… Giro polita sortzen da, familiartekoa»
GARIKOITZ URIZARPlentziako Itsas Martxaren antolatzailea
Urizarrek adierazi du ekinbidea nabarmen handitu dela denborarekin. «Urte osoan, hamar pertsona inguru aritzen gara prestakuntzan, eta martxaren egunean, berriz, hirurehun boluntario inguru biltzen gara». Talde eragile bat dagoen arren, antolakuntza «modu boluntario eta asanblearioan egiten da». Urizar lehenengo alditik dago antolaketa taldean. «Soslai batzuk aldatu egin dira, baina gehienak hasieratik gabiltza taldean».
Jai giroa
Aurreko urteetan Ines Osinaga, Xabi Solano eta La Basu izan dira kontzertuak ematen, besteak beste. Solano bihar ere arituko da, ontzi batean. Gainera, Er Duende & Tonians, Toc, Kiliki eta Zipote Records musikarien kontzertuak izango dira lehorrean.
Hasieran, edonola ere, egitasmoak zenbait zalantza sortu zituen Plentzian. «Plentziako herritarrek arraro begiratzen ziguten», gogoratu du Urizarrek. Hala ere, denborarekin herritar askok bat egin du ekitaldiarekin. «Jendea animatuz joan da: batzuk euren piraguekin etortzen dira, tabernek pintxoak egiten dituzte… Giro polita sortzen da, familiartekoa». Itsasadarreko martxaz eta gaueko kontzertuez gain, herri bazkaria ere egingo da. «Iaz hirurehun lagunentzat atera genituen tiketak. Aurten, bostehun atera ditugu, eta azkar bukatu dira», zehaztu du.

Nahiz eta jai kutsua izan egunaren ardatz nagusia, Etxerat-ek argi utzi du «aldarrikapena eta borroka» direla inportanteenak. Uretako ibilbidea egiteaz gain, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio paraleloa egingo dute itsas pasealekuan, trikitilariekin eta joaldunekin lagunduta.
Aurtengo mezuak aurreko aldietako ildo berari eusten dio. Nahiz eta euskal preso gutxiago dauden eta urruntzea bukatu den, Urizarrek esan du funtsezkoa dela oraindik kartzelan daudenen eskubideen aldeko borroka bizirik iraunaraztea.
Jaia eta borroka
Urizarrek gogora ekarri du «euskal borrokaren» eta jai giroaren arteko uztarketa: «Euskal Herrian beti islatu da hori. 'Jaiak bai, borroka ere bai' esaten zen orain dela 50 urte ere, eta horrela izan behar du». Haren esanetan, aldarrikapenaren eta ospakizunaren arteko orekari eustea ezinbestekoa izan da herri mugimenduarentzat, eta oraindik ere hala da, testuinguru politikoa aldatu baldin bada ere. Urizarrek adierazi du garai berriak direla egungoak, baina iraganeko zauriak hor daudela oraindik eta horrek lan asko dakarrela.
«Oraindik badira euskal presoak kartzelatan, eta gure helburua da haien aldeko aldarria egitea»
GARIKOITZ URIZARPlentziako Itsas Martxaren antolatzailea
«Guk mobilizazio bat egin behar dugu edonork parte hartu ahal izateko, bakoitzaren egoera pertsonala gorabehera». Familiek, kuadrillek, adinekoek eta gazteek badute tokia Itsas Martxan, uretan, lurrean edo boluntario lanetan. «Jende guztiarentzat egun polita izatea, horixe nahi dugu guk».
Urizarrek gogoratu du urte asko daramatzatela lanean eta beti esaten dutela gustatuko litzaiekeela azken aldia izatea. Baina errealitateak bestelako egoera bat erakusten die: dagoeneko buruan dute hurrengo urteko Itsas Martxa, euskal presoen auziak hor dirau eta. «Guri gustatuko litzaiguke euskal preso politikorik ez egotea kartzelatan. Hori gertatu arte, lanean jarraituko dugu. Oraindik badira presoak, eta gure helburua da haien aldeko aldarria egitea». Konpromiso irmoa daukate: «Justiziaren eta bakearen» bidean segituko dute.