Ez da lehen aldia, baina bai mugarria. BEST Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa 2022an sortu zen, herrialdeko andre sortzaileak ikusarazi, elkar ezagutu eta saretu daitezen. Bihar egingo dute laugarren aldia, Bilbon. «Berrikuntzen edizioa izango da hau, eta egiturazko jauzi nabarmena dakarren programa eraldatzaile bat izango du», adierazi du topaketaren antolatzaileetako batek, Itxaso Payak. Egitaraua zabaldu egin dute aurreko urteen aldean. Mahai inguruak egiteaz gain, performance bat eta BEST egoitza artistikoan sortutako pieza eszenikoa ere taularatuko dituzte, esaterako.
Amaiur Maciasek eta Olfa Sendesnik prestatuko dute performancea, emakume sortzaileen arteko sare kolektiboa irudikatuz. Euskaraz eta arabieraz egingo dute, hizkuntza aniztasunaren indarra azpimarratzeko. BEST egoitza artistikoan ondutako Ekfrasia ikuskizuna ere estreinatuko da. Miren Gaztañak, Garazi Navasek, Maria Urzelaik eta Getari Etxegarik sortu dute elkarlanean. Hainbat diziplina uztartu dituzte. Gorputzaren, hitzaren, musikaren eta espazioaren arteko elkarrizketa eszeniko bat da emaitza.
biharko Egitaraua
- 10:30. X aldiz errebelde mahai ingurua, Bizkaia aretoan: Yolanda Arrieta, Afrika Bibang eta Iratxe Fresneda.Â
- 11:45. Wikiemakumeak proiektuaren aurkezpena, Bizkaia aretoan.
- 12:15. Unibertsala ez, bestea mahai ingurua, Bizkaia aretoan:Â Ana Goitia, Laura Penagos eta Vera Alonso.
- 14:00. Pikoteo artistikoa, Bilboats itsasontzian. Ez dago publikoari irekia.
- 17:00. Amaiur Macias eta Olfa Sendesniren performancea, Guggenheim museoaren aurreko aldean.Â
- 18:00. Ekfrasia pieza artistikoaren antzezpena, Bizkaia aretoan.Â
BESTen asmoetako bat da emakume sortzaileen arteko sinergiak sortzea, eta, Payaren ustez, betetzen du helburu hori. «Lehen alditik, topaketan elkar ezagutu duten sortzaileen arteko elkarlan kasuak egon dira. Horrekin batera, badira guk proposatzen ditugun taldeak, elkarlanak. Onartzen dituzte, eta gustura aritzen dira». Saretze hori topaketetara ere hedatu nahi izan dute. Hori da aurtengo BESTen beste berritasun bat: hainbat eragileren arteko elkarlana egongo da.
Mahai inguruak ere Bizkaia aretoan izango dira, baina goizean. Payak azaldu duenez, aurreko topaketetan nabarmendu diren gaiak eroaten dituzte hurrengo urteko solasaldietara. Aurtengoetan, bada, emakumeek praktika artistikoan aurre egin beharreko erronkez egingo dute berba, eta ertzetako emakumeen ahotsak erdigunean jartzen ahaleginduko dira. Lehen mahai inguruan, Yolanda Arrieta, Iratxe Fresneda eta Afrika Bibang arituko dira. «Aurreko urteetan errebeldiatzat hartutako hainbat joera edo izaera agertu dira: sortzailea izatea bera, emakume izatea, euskaraz sortzea...». Horietaz egingo dute berba, bakoitzak bere esperientzian oinarrituta.
Bigarren mahai inguruan, ertzen garrantzia nabarmenduko dute. «Askotan aipatzen dira gorputz disidenteak eta unibertsaltasunetik kanpo geratzen diren diziplinak; ez bakarrik sortzailea bera, baita diziplina hizkuntzak ere. Asmoa da proposatzea bide bat unibertsala ez dadin hain unibertsala izan, eta aldarrikatzea badela garaia unibertsaltasun berriak sortzeko», azaldu du Payak. Ana Goitia, Laura Penagos eta Vera Alonso izango dira hizlariak. Mahai inguru horietatik ateratako ondorioak ez dituzte publikoki zabalduko oraingoz. Alaia Garabietak ikerketa bat abiatuko du, eta hurrengo topaketan plazaratuko dituzte.
Hiru instalazio
Topaketa bera bihar izango bada ere, joan den astelehenetik BESTen abaroan sortutako erakusketa bat ikus daiteke Bilboko Euskararen Etxean. Urriaren 15era arte egongo da. Alaitz Urrutiak eta Mar Molinak garatutako hiru instalazio dira. Bizkaiko emakume sortzaileen ikusgaitasunaz egin dute gogoeta. Lehenengo instalazioa Lego piezak dituen mahai bat da. Hiru multzotan banatuta daude. «Zer eraiki dezakezu multzo bakoitzarekin?», galdera egiten diote bisitariari. Pieza gehien dituen multzoak Bizkaiko musikariak ordezkatzen ditu; hurrengoak, Bizkaiko emakume musikariak; eta pieza gutxien dituenak, euskaraz sortzen duten Bizkaiko emakume musikariak. Ondoan pantaila handi bat dauka, eta han ikus-entzun daitezke BESTen aurreko aldietan parte hartu duten sortzaileen gogoetak. Azken instalazioak Bizkaiko musika programazioaren inguruko gogoeta sustatu gura du. Hainbat jaialditako benetako kartelak daude, baina Urrutiak eta Molinak ezabatu egin dituzte kideen artean emakumerik ez duten taldeak.Â
Aurten ere Bizkaiko andre sortzaile bat omendu gura izan dute. Bizenta Antonia Mogel Elgezabal idazlea izan da aukeratua. «Bi izenekin eta bi abizenekin, berak sinatzen zuen bezala», ohartarazi du Payak. 1782an jaio zen, Azkoitian (Gipuzkoa), baina ume-umetan joan zen Markinara (Bizkaia) bizitzera. Garai hartan ez zegoen ondo ikusia andreak idazle izatea, eta normalean ezizenak erabiltzen zituzten. Mogel izan zen euskaraz bere izena erabilita lanen bat argitaratu zuen lehen emakumea.Â