Bihar zabalduko dute Deustu eta Txorierri lotzen dituen tunela

Pasabidea sei hilabetez egon da zarraturik, birgaitze eta egokitze lanak egiteko. Udazkenean ekingo diote Salbeko zubia eta Txorierri lotzen dituen tunela berritzeari.

Deustu eta Txorierri lotzen dituen tunelaren lanak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Deustu eta Txorierri lotzen dituen tunelaren lanak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
amaia igartua aristondo
2026ko abuztuaren 3a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ezustekorik izan, eta aurreikusitako epean bukatu dituzte Bilboko Deustu auzoa eta Txorierri eskualdea lotzen dituen Artxandako tunelaren obrak: bihar zabalduko dute igarobidea. Azken sei hilabeteetan erabat itxita egon da, eta askotariko birgaitze eta egokitze lanak batera egiteko aprobetxatu du tarte hori Bizkaiko Foru Aldundiak. Laster beste esku hartze bati ekingo diote lan horiek osatzeko: Salbeko zubiaren eta Txorierriren arteko tunela berritzen hasiko dira udazkenean.

Aldundiaren arabera, erabat berritu dute Deusturen eta Txorierriren arteko azpiegitura. Estaldura saneatu, sendotu eta iragazgaiztu dute; barneko drainatze sistemak hobetu dituzte; eta ebakuazio galeriak egokitu eta segurtasun instalazioak eta ekipamenduak guztiz ordezkatu dituzte: besteak beste, kontsumo txikiko LED argiz hornitu dute pasabidea.

Gainera, erabilitako teknologiak bide emango du gorabeherak automatikoki detektatzeko. Horrez gain, gas detektagailuak ipini dituzte, baita eguzki plakak erabilita energia kudeatzen duten sistemak ere. Eta bi proiektu pilotu probatu dituzte: tunelaren BIM as built eredu digitala sortu dute, azpiegituraren erregistro digital osoa izateko; eta drainatze sistema jasangarria garatu dute, inguruko ibaien ibilguetan jariatze uren eragina murrizte aldera.

Trafiko handiko igarobideak dira, oro har, Artxandako tunelak. Deustu Txorierrirekin lotzen duena, zehazki, 30.000 ibilgailuk erabiltzen dute egunero, batez beste. 2002an eraiki zuten. Esate baterako, handik igaro beharra dago Bizkaiko hiriburutik Loiuko aireportura eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera (Zamudio) ailegatzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA