Bilbobuseko langileak lan itun eske dabiltza

Langile batzordeak salatu du Bilboko Udalak ez duela negoziatzeko prestasunik. Azaroaren 22an, 27an eta 29an eta abenduaren 4an, 12an eta 21ean ere greba egingo dute, egoera «larria» dela eta.

Bilbobuseko greba
Bilbobuseko langileek, azaroaren 2an egindako manifestazioan, Bilbon. UGT
Mikel Garcia Martikorena.
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Urriaren 23an hasi zuten greba  Bilbobuseko langileek, eta ordutik lau aldiz irten dira kalera. Atzo egin zuten manifestazioa Bilboko kaleetan. Lan hitzarmena berrizteko eskatzen dute langileek; baina, salatu dutenez, ezinezkoa zaie patronalarekin negoziazioetan aurrera egitea. Egoeraren «larritasuna» dela eta, beste sei greba egun egitera deitu du Bilbobuseko langileen batzordeak: azaroaren 22rako, 27rako eta 29rako,  eta abenduaren 4rako, 12rako eta 21erako. Greben egunetako lanuzteak, gehienetan, zortzi ordukoak izango dira: 07:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Halere, gaur-gaurkoz azken greba egunean —hau da, San Tomas egunean—, 24 orduz utziko diote lan egiteari.

Jose Fernandez Bilbobuseko langileen batzordeko buruak dioenez, erantzuna %100ekoa da langileen artean. Bilboko Udalaren «ekintzarik ezari» egozten dio batzordeko buruak, hein handi batean, negoziatzeko ezintasun hori. Langileen aburuz, iazko otsailean hasi ziren negoziazioak, eta bi ardatz nagusi dituzte. Batetik, enpresarekin zuzenean zerikusia duten gaiak. Bestetik, udalarekin batera enpresak duen kontratuarekin lotuta daudenak; udalak eta enpresak itundutakoa aldatu ezean, ezinezkoa da negoziazioak aurrera egitea, batzordearen iritziz.

Kontratua, «zaharkitua»

Fernandezek argitu du jada zazpi aldiz elkartu direla enpresarekin. Guztietan antzeko ondorio batera heldu dira: Bilboko Udalaren eta Bilbobusen ustiaketa esleitua duen enpresaren arteko kontratua «zaharkituta» gelditu dela. «Batzordea eta enpresa ez dira iritzi hori dugun bakarrak; hala adierazi dute udaleko arduradunek ere», gaineratu du Fernandezek.

Kontratuak zenbait «muga» ekonomiko dituela baieztatu du Fernandezek: «KPIaren igoerak kontratuan aurreikusita zeuden mugak gainditu ditu». Konponbide bakarra udala eta enpresa «batera eseri eta negoziatzea» dela uste dute batzordeko kideek. Fernandezek dio batzordea udalarekin egon dela harremanetan, egoera konpon dezan: «Udalak uztailaren 22an genituen datuak baieztatu zizkigun, baina ez du ezer egin».

«Arrazoi politikoak»

Juan Mari Aburto alkateak Bilbobuseko langileen greba «bidegabea» dela eta «atzean arrazoi politikoak» dituela salatu zuen Herri Irratian, joan den astean. Adierazpenok hautsak harrotu zituzten grebalarien artean, eta alkateak hurrengo egunean adierazpenak leundu zituen arren, ez du lortu batzordeak jarrera aldatzea. Greba uztearen truke, gaur egungo kontratua eten eta berri bat egitea eskaini die Aburtok langileei.

Fernandezen ustez, alkatearen proposamenak ez du zentzurik: «Ustiaketaren kontratuaren negoziazioak ez du zerikusirik gurekin. Udalaren eta enpresaren arteko eztabaida da». Dena den, langileen batzordeko buruak ohartarazi du «egoera aldatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak» dituen kontratu bat egon artean ezingo dela aurrera egin. «Ezinezkoa da akordiorik lortzea negoziazioetan parte hartu beharko lukeen eragile batek arazoa berea izango ez balitz bezala jokatzen badu».

«Arazo bat duzunean, arazoari heldu behar diozu», uste du Fernandezek. «Guk greban egoteari uzten badiogu, ez da ezer konponduko, ezta negoziaziorik gabeko kontratu berri bat sinaraziz ere».

Egungo gatazka  egoerak, langileei ez ezik, bilbotarrei ere eragiten die. Batzordeko buruaren iritziz, erakunde publikoak «arazoak konpontzeko» daude, «ez gehiago sortzeko»: «Udalean daude bilbotarrek hautatu dituztelako; hortaz, haiei kalitatezko zerbitzu bat emateko lan egin behar dute». Datozen asteetan egoera aldatu ezean, 2024an ere protestak egiten jarraituko dutela baieztatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.