Bilboko etxe turistikoetan ostatu hartzen dutenek 6,5 euroko tasa ordainduko dute

Bilboko Udalak kalkulatu du urtean hamabi milioi euro bilduko dituela tasa turistikoaren bitartez.

Etxebizitza turistiko bateko ataria, Bilbon, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxebizitza turistiko bateko ataria, Bilbon, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko uztailaren 22a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako turismo zergaren foru arauan, gutxieneko eta gehieneko tasa proposatu dute, eta udalen esku utzi dute tokian-tokian zenbat izango den zehaztea. Bilbok jada aukeratu du. Esaterako, arauak baimendutako tasarik handiena ezarriko die etxe turistikoei: 6,5 euro gaueko. Izan ere, hirian badago kezka turismorako erabiltzen diren etxebizitzen inguruan: gero eta gehiago dira bilbotarrei barik turistei alokatzen zaizkien etxeak. Bilboko Udalak ezinegon horri erantzun gura izan dio aukeran duen tasarik handiena aukeratuta, baina gehiago ere egin zezakeen. Foru arauak %50erainoko errekargua aplikatzeko aukera ematen die baldintza hauek betetzen dituzten udalerriei: 750 ohe baino gehiago izatea edo 5.000 biztanletik gora izan eta %10eko edo gehiagoko «turismo intentsitatea» izatea. Bilbok ez du gehituko errekargu hori.

Carlos Urgoiti Ogasun zinegotziak gaur eman die aukeratutakoaren berri gainontzeko alderdiei. Erabili dituzten irizpideak «moderazioa eta oreka» izan direla esan die. Zinegotziaren esanetan, erabaki dute gehieneko tasak etxebizitza turistikoei eta apartamentu turistikoei soilik aplikatzea, «turismoaren garapena eta hiri eredua bateragarri» egin gura dituztelako. Apartamentu turistikoetan ostatu hartzen dutenek 3,5 euro ordainduko dituzte gaueko. Hoteletarako, berriz, tasa apalagoak hautatu ditu, aukeran izan dituen handienak hobetsi ordez. Bost eurokoa izango da bost izarreko hoteletan; lau eurokoa lau izarrekoetan; euro bikoa, berriz, hiru izarrekoetan; eta euro eta erdikoa izar bikoetan.

Zenbat diru bilduko duten ere kalkulatu du udalak. Iaz Bilbora etorritako turista kopuruarekin, 14,5 milioi izango lirateke. Baina foru arauan salbuespen batzuk jaso dituzte. Esaterako, ikastera edo ikertzera datozenek, adingabeek, mendekotasun graduren bat onartuta daukatenek edo tratamendu medikua hartzera datozenek ez dute ordaindu beharko. Zinegotziak uste du egotaldien %15 izango direla. Beraz, horiek kenduta, hamabi milioi euro bilduko lirateke Bilbon tasa turistikoaren bidez.

Etxebizitza hutsak

Urte hasierako beste nobedadea ondasun higiezinen gaineko zergan igarriko da: etxebizitza hutsen jabeek ordaintzen duten errekargua %75era igoko du udalak. Gaur egun %25 da, eta %150eraino igotzeko aukera ematen zion foru arauak. Zinegotziak kontatu duenez, 2025ean 8.808 etxejabek ordaindu dute, eta udalak 525.000 euro bildu ditu. Datorren urtean etxebizitza hutsen kopurua mantentzen bada, 1,57 milioi euro bilduko ditu.

Udalaren asmoa, baina, etxebizitza hutsak gutxiago izatea da asmoa, eta, horretarako, alokairu publikora bideratzea sustatu nahi du. Horregatik, Bizigune eta antzeko programetara batzen diren etxejabeei ondasun higiezinen gaineko zergan egiten dieten hobaria %50etik %75era igoko da datorren urtean. Aurten, 1.122 jabek jaso dute, batez beste, 62 euroko hobari hori; datorren urtean, 93 eurokoa izango da.

Gainontzean, bilbotarrek ordaintzen dituzten udal zerga eta tasak datorren urtean ere dauden bezala mantentzea erabaki du udal gobernuak. Zinegotziaren esanetan, inflazioak «asko zigortu» ditu familiak eta enpresak, eta udalak ez die «gehiegizko esfortzu» bat ipini gura. Hori horrela, hiru milioi euro jasotzeari utziko dio udal ogasunak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA