Bizkaiko Batzar Nagusiek ere onartu dute tasa turistikoa

2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Alderdi guztiek babestu dute, salbu PPk.

Turista talde bat Arriaga plazan, Bilboko erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Turista talde bat Arriaga plazan, Bilboko erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko ekainaren 17a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiak ere arautu du tasa turistikoa. Batzar Nagusiek gaur onartu dute turisten egonaldiei zerga ezartzeko foru araua. 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira kobratzen. Alderdi guztiek babestu dute, PPk salbu. EAJk eta PSE-EEk, Bizkaian araua onartzeko gehiengoa bazuten ere, onartu egin zituzten Ahal Dugu-ren zuzenketak. PPk aurkeztutakoen kontra bozkatu dute gaurko saioan. Arabako eta Gipuzkoako batzar nagusietan onartuta daude tasa turistikoaren foru arauak. 

Hiru herrialdeetako batzar nagusiek onartu dituzte tasa turistikoari buruzko foru arauak, baina gero udalek arautuko dute nola aplikatu, ordenantzen bidez. Turista bakoitzak —baita Euskal Herrikoek ere— diru kantitate bat ordaindu beharko du ostatu bakoitzean edo gurutzaontzietan pasatutako gau bakoitzeko. Gehienez sei gau ordainduko dituzte ostatu bakoitzeko. Ostatu batean astebete eta beste ostatu batean beste astebete pasatuz gero, hamabi gaueko zerga ordaindu beharko dute.

0,50 eurotik zazpi eurora

Ordaindu beharrekoa ezberdina izango da herriaren eta ostatu motaren arabera. Gurutzaontzietan, bost izarreko hoteletan eta etxe turistikoetan ordaindu beharko da gehien: 4,5 eta 6,5 euro artean bost izarreko hoteletan eta etxe turistikoetan; 6 eta 7 euro artean gurutzaontzietan. Landa turismoko ostatuetan ordaindu beharko da gutxien: 0,50 eta 1,25 euro bitartean pertsona eta gau bakoitzeko. Ez dute tasa turistikorik ordainduko desgaitasunen bat —%65etik gorakoa— edo mendekotasunen bat —bigarren edo hirugarren mailakoa— dutenek eta haien laguntzaileek —laguntzaile batek gehienez—. 

Ez dira behin betiko kopuruak: %50 arteko errekargua aplikatu ahal izango dute turistentzako 750 ohe baino gehiago dituzten herriek edota 5.000 biztanletik gora izan eta %10eko edo gehiagoko «turismo intentsitatea» dutenek. Turismo intentsitatea da «udalerriko ostatuetako ohe kopuruaren eta udalerriko zuzenbidezko biztanleriaren arteko ratioa». Era berean, zenbait udalek hobariak aplikatu ahal izango dituzte: %100eko hobaria turistentzako gehienez 75 ohe badituzte edo %1etik beherako turismo intentsitatea badute.

«Tresna erabilgarria», baina «berandu»

Unai Lerma EAJko batzarkidearentzat tasa turistikoa beharrezkoa da, turismoa asko areagotu baita Bizkaian. PSE-EEko Goyo Zurrok nabarmendu du zerga berriaren bidez ez dutela turismoa mugatu nahi, «hobeto kudeatu» baizik: «Logikoa da Bizkaia bisitatzen eta bertako zerbitzu publikoak erabiltzen dituztenek ekarpen txiki bat egitea haiei eusteko». Ahal Dugu-ko Eneritz Madariagarentzat tasa turistikoa «tresna erabilgarria» izango da eta udalek baliabide gehiago izango dituzte turismoaren ondorioei aurre egiteko. EH Bilduko Arantza Sarasolak aitzakia bat jarri dio arauari: «Berandu iritsi da, bazen garaia neurriak hartzeko. Ez da nahikoa, baina urrats garrantzitsua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE