Bilboko hainbat auzo elkarte, terrazen ordenantzak kezkatuta

Uribitarte Anaitasuna, Ledesma, Martzana Kaia eta Bihotzean auzo elkarteek uste dute udalak prestatu duen ordenantza zirriborroa ez dela balekoa izango, ez duelako bermatzen bizikidetza erraztuko duten neurri berriak beteko direla.

Terrazak beteta Bilboko Ledesma kalean, 2022ko uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Terrazak beteta Bilboko Ledesma kalean, 2022ko uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko irailaren 11
17:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udalak egindako terrazen ordenantzarako zirriborroak kezka sortu du hainbat auzotako herritarren artean. Uribitarte Anaitasuna, Ledesma, Martzana Kaia eta Bihotzean auzo elkarteek salatu dute ez duela bizilagunen atsedena bermatzen: «Ez du ezertarako balioko betetzen dela zaintzen ez badute eta, ondorioz, tabernek gura dutena egiten jarraituko badute», ohartarazi dute elkarrekin argitaratu duten oharrean.

Elkarte hauek aspalditik ari dira ostalaritzak sortzen dizkien arazoak plazaratzen eta konponbidea eskatzen. Hainbat dira tabernek eta dantzalekuek eragiten dizkieten trabak, kontatu dutenez: zarata handiegia sortzen dute, edaten dabilen jendea pilatzen da oinezkoentzako kaleetan, eta terrazak ez dira dagokien ordurako kentzen eta espazio publikoa okupatzen dute, bizilagunen joan-etorriak oztopatuz. 

Udalari ohartarazi diote terrazak lokal horien jarduera nagusiaren osagarri direla, eta ezin direla egon bizilagunen atsedenerako eskubidearen gainetik. Iruditzen zaie ostalaritza negozioen inguruetan sortzen diren jende pilaketen erantzuleak ez direla ez kontsumitzaileak ez ostalariak. «Udalak baimendu ditu, baina egin ditzala bizikidetza ahalbidetzeko neurrian». Salatu dute, esaterako, hamabost bezerorentzako lekua duten tabernei berrogei lagunentzako terrazak baimendu zaizkiela.

Neurri zehatzak

Bizilagunentzat mesedegarri izan daitezkeen hainbat neurri jasotzen ditu udalaren zirriborroak. Berbarako, terrazak ordu erdi goizago zarratuko lirateke eta tabernetako gehienezko dezibel kopurua txikituko litzateke. «Udaltzaingoa gure kexei erantzun ezinik ibiltzen bada orain, gero ere nork zainduko du neurri berriak beteko direla?».

Hobekuntza batzuk ere proposatu dizkiete udalak ezarri gura dituen neurriei. Besteak beste, jende asko ibiltzen den espaloietan hiru metroko zabalera libre geratzea eskatu dute, eta terrazek eremu erabilgarriaren %30 baino gehiago ez betetzea nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.