Bilboko itsasadarraren kopia digital bat sortuko dute, klima aldaketaren ondorioak modelizatzeko

BIK 2050 proiektuaren parte da eredu digitala. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko metropolian eskumena duten erakundeek bultzatu dute, ingurua klima aldaketaren inpaktuetara eta itsas mailaren igoerara egokitzeko.

Itsasadarra, hazita, Bilboko Arriaga antzokiaren parean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibaizabal, hazita, Bilboko Arriaga antzokiaren parean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko abenduaren 11
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritza buru dela, EAEko eta Bizkaiko hainbat erakundek BIK 2050 proiektua sortu dute, Bilboko itsasadarraren ingurua klima aldaketaren inpaktuetara eta itsas mailaren igoerara egokitzeko asmoz. Besteak beste, itsasadarraren kopia digital bat sortuko dute, modelizazio lanak egin eta klima aldaketak izango dituen ondorioak aurreikusteko. Tresna horri esker, uholdeak, bero boladak eta beste fenomeno batzuk aurretik iragarri ahal izango dituzte, erabakiak hartu eta herritarrak eta azpiegiturak egoki babesteko. «Itsasadarrean jardutea estrategikoa da ingurune horretan bizi eta lan egiten duten pertsonen erresilientziarako eta bizi kalitatea bermatzeko», adierazi du Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak BIK 2050 proiektuaren lehen bileran. Gaur egin dute, Bilbon.

Sailburuak adierazi duenez, Bilboko metropolia «interes bereziko» eremua da. Itsasadarraren inguruko herrietan 980.000 pertsona bizi dira; hau da, bizkaitarren %80. Berbarako, adituek egindako kalkuluen arabera, 20.000 lagun bizi dira itsasadarrak gainezka eginez gero uholde arriskua duten eremuetan. Horrez gainera, herrialderako garrantzitsua den jarduera ekonomikoa eta azpiegitura estrategikoak ere baditu metropoliak. Horregatik, Bizkaiko inguru horri eragiten dioten arrisku klimatikoek inpaktu handiagoa izan dezakete. «Argi dago ez jardutearen kostua jardutearen kostua baino handiagoa izango dela beti», nabarmendu du sailburuordeak.

Ingurumen zaintza sustatzeko neurriak, foru errepideetan

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat neurri hartu ditu foru errepideetan ingurumen zaintzari lotuta. Azkena, bide azpiegiturak eraikitzean material birziklatuak erabiltzeko gida izan da. Gaur eman du horren berri Carlos Alzaga Azpiegitura diputatuak. Besteak beste, eraitsitako eraikinetako materiala edo altzairugintzako soberakinak zelan berrerabili jakiteko baliagarri izango zaie enpresa eraikitzaileei.

Horrez gain, diputazioa paisaia bioingeniaritza deritzon teknika erabiltzen hasi da, ezpondak egonkortzeko. Metodo «berritzaile» horretan harriarekin eta altzairuarekin batera landare materiala ere erabiltzen dute, bizia zein hila.

Argiztapen eraginkorra sustatzeko, Azpiegitura Sailak 10,5 milioi euroko inbertsioa egin du, foru errepideetako argiteriaren %90 berritzea. Helburua da 2030erako argiteria guztia LED teknologiaduna izatea, eta horri esker energiaren %50 eta %60 artean aurreztuko dute. Beste bi milioi euro erabili dituzte foru tuneletako argien %20 ordezkatzeko; orain %60 energia gutxiago kontsumitzen dute.

Itsasadarraren eredu digitalak, bada, hainbat jarduera egiteko aukera emango die. Esaterako, unean uneko egoera zein den jakin ahal izango dute. Sentsoreak erabilita, momentuan bertan izango dute datuen berri, eta aldaketak detektatu ahal izango dituzte. Hala, edozer gertatuz gero, azkar jokatu ahal izango dute. Hiri eta lurralde plangintzarako ere baliagarria izango da tresna berria. Eraikuntza proiektuak, azpiegiturak eta lurralde aldaketak simulatzeko aukera emango die, egin aurretik. Horri esker, ingurumen inpaktua aurreikusi ahal izango dute, lurzoruaren erabilera optimizatu eta erabakiak informazio osatuarekin eta zuzenarekin hartu.

Baliabide naturalen kudeaketarako ere erabilgarria izango da eredu digitala. Uraren, landarediaren eta lurzoruaren jarraipen zehatza egin ahal izango dute, eta, hala, nekazaritzarako, basogintzarako edo ingurumena zaintzeko erabakiak hartuko dituzte. «Eredu digital honen moduko teknologiek eta zaintza aurreratuak klima larrialdiari erantzuteko dugun gaitasuna indartuko dute», esan du Bilbaok.

2,2

Klima aldaketari aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko 113 udalek bultzatuko dituzten proiektuak finantzatzeko diru laguntzak onartu ditu. 2,2 milioi euroko funtsa izango du datorren urtean. Besteak beste, energia komunitateak bultzatzeko, udalen energia kontsumoa hobetzeko eta eraikin publikoetan energia berriztagarriak bultzatzeko erabili ahal izango dute dirua.

BIK 2050 programan, parte hartzen duten erakunde eta udalerri bakoitzak garatu beharreko ekintzak zehaztuko dituzte. Itsasadarren eredu digitalaren bidez, Eusko Jaurlaritzak informazioa emango die gainontzeko erakunde eta udalei, eta guztiek parte hartuko duten gobernantza eredu bat sortuko dute. Itsasadarrean eta haren inguruan eskumena duten udalek eta erakundeek klima aldaketari aurre egiteko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte. «Modelizazioaren datuak eta ebidentzia zientifikoak esaten diguna baliatuz, hurrengo urratsa da jarduera zehatzak abian jartzea, baina ikuspegi integral batetik, guztion ongia helburu hartuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.