Erabakia hartzea ez da erraza izan, aldeko eta aurkako iritziak daudelako. Baina, azkenean, Bilboko Metroak zortzi kilotik gorako txakurrak baimentzea erabaki du, muga batzuk ezarrita, bidaiarien eta animalien arteko elkarbizitza bermatzeko. Izan ere, halako txakurren zenbait jabek plataforma bat sortu zuten metrora txakurrekin joateko eskubidea dutela aldarrikatzeko, baina, aldi berean, erakundeak berak egindako inkesta baten arabera, hamar bidaiaritik hiruk gutxiago hartuko lukete metroa trenean animalia handiak ere joango balira, eta hori bidaiari asko galtzea litzateke.Â
Txakurrok ezingo dute bidaiatu erabiltzaile gehien dauden astegunetako orduetan: 07:00etatik 10:00etara, 13:00etatik 16:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara. Zapatu, domeka eta jai egunetan, ez dute ordutegi muga hori izango. Barikuetako eta zapatuetako gaueko zerbitzuak ere ezingo dituzte erabili. Eta debekatua izango dute egun edo okasio berezietan sartzea: San Mamesen futbol partiduak daudenean, San Tomas egunean eta Aste Nagusian, adibidez.Â
Gainera, muturrekoa eta uhala eraman beharko dituzte denbora guztian; uhala ezingo da zabalgarria izan, ezta 50 zentimetro baino luzeagoa ere. Ezingo dute eserlekurik okupatu, eta ezingo dituzte eskailera eta arrapala mekanikoak erabili. Igogailuak, bai, baina gainontzeko bidaiariei enbarazurik sortzen ez badiete eta elbarrien, mugikortasun arazoak dituztenen, gurpil aulkien eta umeen orgatxoen lehentasuna errespetatuta. Horri lotuta, ezingo dira treneko lehen eta azken bagoietara sartu, gurpil aulkian ibiltzen direnek eta umeak orgatxoan daramatzaten gurasoek erabiltzen baitituzte bagoi horiek. Gainera, indarrean dagoen legediaren arabera arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek ezingo dute sartu.Â
Metroak urte hasieran egindako inkestaren arabera, txakurren kontuaren harira uzkur ziren erabiltzaileek hainbat argudio aipatzen zituzten. Haietako batzuk animalion beldur dira. Horregatik, Metroak erabaki du txakurren jabeek bagoiz aldatu beharko dutela baldin eta bidaiariren batek beldur dela esaten badu. Gainera, txakurren jokabidearen arduradun egiten dituzte, eta adi egoteko eskatzen diete, animaliek ez dezaten kalterik eragin.