Bilboko Metroak barkamena eskatu die urriaren 6an metroa hartu ezinik geratu ziren milaka bizkaitarrei. 600 serieko tren baten pantografoa desorekatu zen, eta kalteak eragin zituen katenarian. Pantografoak trenak katenariara lotzen dituzten egiturak dira. Argindar kableetan eragindako kalteen ondorioz, metro zerbitzua eten behar izan zuten. Eneko Arruabarrena Metroko zuzendariak iragarri du 600 serieko trenen pantografo guztiak berrikusiko dituztela. Gainera, egitura horien mantenua indartzeko zerbitzu berri bat lizitatuko dute. Geltokietan pantailak jartzea aztertzen ari direla ere esan du, halako arazoen berri emateko.
Arruabarrena Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde Batzordean egon da gaur, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiarekin. EH Bilduk eskatuta joan da Etxanobe, urriaren 6an gertatutakoaz azalpenak ematera. Ahaldun nagusiaren esanetan zerbitzuaren kalitatea indartzeko konpromisoa dute. Nabarmendu du egun hartan gertatutakoa ezohikoa izan zela, eta metroaren eraginkortasuna azpimarratu du. Gogoratu du erabiltzaileek 8,2ko nota ematen diotela zerbitzuari eta Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunaren arabera %98,2ko puntualtasuna duela.
Arruabarrenak esan du programatutako kilometroen %99,5 egiten dituela metroak. Bilboko Metroko zuzendariak azaldu duenez, urtean zehar izaten diren matxuren %0,4k baino ez die eragiten trenen joan-etorriei eta bidaien iraupenari. 2023an, hamar matxura handi izan ziren; 2024an, 11; eta aurten, sei, gaur arte.
Zuzendariaren arabera, mantenu lanetan «esfortzu handia» egiten dute. 30 milioi euro bideratzen dituzte lan horietara. Azken hamar urteetan aurrekontu hori biderkatu egin dela nabarmendu du. Berrehun langile arduratzen dira zeregin horietaz, eta batzuetan kanpoko beharginen laguntza ere izaten dute.
Tren eta azpiegitura berriak
EH Bilduko batzarkide Aitor Llanok protokolo baten beharra azpimarratu du. Haren ustez, hiru oinarri izan beharko lituzke: erabiltzaileei informazio argia eta azkarra ematea, matxura larrialdi moduan hartzea eta beste garraiobide batzuekin koordinatzea alternatibak eskaintzeko. Llanok plan bat eskatu du bermatzeko metroaren zerbitzua ez dela okertuko, «beste garraio publiko batzuk okertu diren moduan».
Ildo horretan, diputatu nagusiak eta zuzendariak joan den astelehenean iragarritakoa gogoratu dute: datozen urteetan 700 milioi euroko inbertsioa egingo dute metroan. Besteak beste, 37 tren berri erosiko dituzte, kontrol gunea berrituko dute eta 1. lineako katenaria zurruna aldatuko dute.
Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak kezka agertu du, iruditzen zaiolako Bizkaiko Garraio Partzuergoak bederatzi milioi euroko inbertsioa egin gabe utzi duela aurten, eta laugarren linearen obretan izan du eragina. PPko bozeramaile Raquel Gonzalezek uste du metroaren mantentze zerbitzua ez dela behar bestekoa, zuzendariak berak gaur azaldu duelako urriaren 6an kanpoko langileak ekarri behar izan zituztela matxura konpontzeko.