Bilboko tranbiako langileek zezenketen publizitatea kentzeko eskatu dute

Euskotreneko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du gaur. Haien ustez, publizitate mota hori ez dator bat enpresa publiko batek «erakutsi beharreko balioekin».

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzearen aurkako elkarretaratzea. LAB
Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzearen aurkako elkarretaratzea. LAB
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 19a
13:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zezenketak hitzaz eta toreatzaile baten irudiaz jantzita dabil Bilboko tranbia azken egunetan. Bilboko Aste Nagusiaren harira zezenketak antolatu dituzte Bizkaiko hiriburuan, eta Euskotrenen zerbitzuak haien publizitatea jarri du. Hautsak harrotu ditu horrek langileen artean, eta publizitate hori gaitzesteko elkarretaratzea egin dute gaur, Arriaga plazan. Enpresa batzordeak salatu duenez, zezenketak ez datoz bat enpresa publiko batek «erakutsi beharreko balioekin».

«Jendartearekiko arduratsua den eta animalien ongizatea errespetatuko duen» enpresa bat nahi dutela adierazi dute Bilboko tranbiako langileek. Hala, gaurko agerraldian jakinarazi dute Euskotreneko zuzendaritzari formalki eskatu diotela zezenketen inguruko publizitate hori ken dezan.

Era berean, eskatu diote animalien sufrimendua dakarten ekintzekin zerikusirik ez izateko aurrerantzean. Hori lortzeko neurriak idatziz ezartzeko eskaria ere egin diote Euskotreneko zuzendaritzari.

Asto proben aurkako elkarretaratzea egingo dute leioan

Leioako San Bartolome jaietan animaliekin harria arrastatuz egiten diren proben kontra protesta antolatu du Tratu Txarrik Ez elkarteak. Astelehenean egingo dute elkarretaratzea, abuztuaren 24an, 18:30ean. San Bartolome ermitaren atzealdean kokatuko dira astelehenean, aurrealdean antolatzen baitituzte asto probak, besteak beste. Gainera, baselizaren inguruan mahai bat ipiniko dute informazioa banatzeko. Izan ere, Leioako bizilagunei eskatu diete haiekin bat egin dezaten «animalien sufrimendurik gabeko» jai batzuen alde.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA