Hiria euskalduntzeko «pauso garrantzitsua» eman du Bilbok, Eider Inunziaga Euskara zinegotziaren esanetan: Aroa 2025-2035 plan estrategikoa sortu du, Eusko Jaurlaritzaren Aroa 2024-2034 esparru estrategikoaren abaroan. Datozen hamar urteetako hizkuntza politika zehaztu dute, bost ardatzen inguruan: gobernantza, jarrerak eta motibazioak, ezagutza eta gaitasuna, erabilera eta interakzioa, eta berrikuntza. Planean lehentasunezko jardun eremu hauek proposatu dituzte: familia transmisioa, euskara ikasteko erraztasunak eta aukera berriak, haurren eta gazteen gaitasuna eta adierazkortasuna, 16 urtetik beherakoentzako aisia eta kirola, kulturartekotasuna, eremu sozioekonomikoa, biztanleria ahalduntzea eta aktibatzea, eta euskararen bizi espazio sozio-funtzionalak Bilbon.
Zinegotziaren esanetan, estrategia honen bidez herritarrek euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak areagotuko ditu udalak, erakundearen beraren eta herritarren arteko komunikazio elebiduna bermatuko du, eta euskararen prestigio eta balio soziala indartuko ditu. Alde batetik, neurriak hartuko ditu euskararen normalizazio prozesuan detektatzen diren gabeziak eta hutsuneak identifikatu eta konpontzeko. Bestetik, euskararen normalizazioari dagozkion erronka soziodemografiko eta sozioekonomiko berriei erantzungo die, bilbotarrek euskararekin duten atxikimendua areagotuz eta hiriko egoera eta bertako ezaugarri bereizgarriak kontuan hartuz.
Estrategiaren arabera, erakunde publikoek lidergo eredugarria izateko erantzukizuna dute, bai hizkuntza ohiturei dagokienez, bai eragiteko gaitasunari dagokionez. Inunziagaren arabera, euskararen sustapena udaleko sail eta erakunde guztien ardura da: «Oso garrantzitsua da hizkuntza ikuspegia txertatzea sail guztietan garatzen diren proiektu eta jardueretan».Â
Eroso erabiltzeko
Erabilera areagotzeko estrategia garatzeko, ezinbestekotzat jo dute herritarrek euskara eroso, naturaltasunez eta segurtasunez erabiltzeko gaitasuna izatea. Zinegotziak nabarmendu duenez, horixe da Bilboren erronka nagusietako bat. Bilbotarren %30,6 euskaldunak dira, baina hiru euskaldunetik bik errazago hitz egiten dute gaztelaniaz. Beraz, datozen hamar urteetan hizkuntza gaitasuna eta erraztasuna indartzeko lan egingo du Bilboko Udalak, familia transmisioa sustatuz, haurrekin eta gazteekin ahozkotasuna eta adierazkortasuna landuz, eta ikasteko aukerak areagotuz. Era berean, arreta berezia jarriko diete atzerritik datozen pertsonei euskara ikasteko baliabideak eskaintzeko orduan.
Estrategia lantzeko egin duten diagnostikoan ikusi dute Bilbok bizigune sozio-funtzionalak behar dituela euskara modu natural eta erosoan erabiltzeko. Hori lortzeko lehentasunezko bi arlo identifikatu dituzte. Alde batetik, arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzeko ekintzak proposatu dituzte, bai eremu publikoan, bai pribatuan. Bestetik, aisialdi antolatua eta kirolean ere lan egingo dute, haurren eta 16 urtetik beherako gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko batez ere, euskararen eskaintza eta erabilera bermatzeko.
Gainera, estrategia honen bidez, euskarazko hedabideak babestu eta egonkortu nahi ditu Bilboko Udalak, eta, baita ere, euskal produktu kulturalak sortu eta ezagutarazi, euskarazko sorkuntza eta sortzaileak sustatu, eta ingurune digitalean tokia irabazi. «Bilboko Udalak ez du amore emango euskararen erabilera hiriko eremu guztietan normalizatzeko eta sustatzeko, bilbotarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia indartzeko ahaleginean. Horretarako, herritarrek euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak areagotuko ditu», adierazi du zinegotziak.Â