Bilboko Udalak izena aldatu dio Moiua plazari: Plaza Eliptikoa izango da bihartik aurrera

Hainbat entitatek eskatua zioten aldaketa, Juan Mari Aburto alkateak azaldu duenez, Federico Moiua Bilboko alkate izandakoak zerikusia izan baitzuen «bi diktadurarekin». Metroko panelak ere moldatuko dituzte aurrerago.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Eider Inuntziaga zinegotzia gaur goizean, Plaza Eliptikoan. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Eider Inuntziaga zinegotzia gaur goizean, Plaza Eliptikoan. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko ekainaren 30a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboren erdiguneko Moiua plazak egungo izena galduko du, eta Plaza Eliptikoa izango da bihartik aurrera. Memoria historikoari dagozkion arrazoiengatik hartu du erabakia Bilboko Udalak, hainbat entitateren eskaera aintzat hartuta —besteak beste EH Bilduk eskatu izan du aldatzeko—.

Erlazionatuta

Federico Moiua hiriko alkate izandakoa (Bilbo, 1873-1939) «bi diktadurarekin» erlazionatuta dago, Juan Mari Aburto oraingo alkateak esplikatu duenez plazan bertan egindako agerraldian, gaur goizean: Miguel Primo de Riveraren diktaduran izendatu zuten alkate Moiua, 1924an, eta «demokratikoki hautatutakoa» kargutik kendu, Ernesto Erkoreka; hamar urteren ondoren, frankistek aintzatetsi egin zuten haren figura, Bilbo hartu eta gutxira plaza berrizendatzean. 1937an, hiriko lehen alkate frankistak, Jose Maria Areilzak, Moyua izena ipini zion ordura arte On Diego Lopez Harokoa deitutako plazari.

Bihar bertan, plazako lau plakak izen berria erakutsiko dute: besteak beste, Carlton hotelaren fatxadan dagoenak eta Aurora eraikinekoak. Gainerako bide seinaleak, seinale turistikoak eta antzekoak, berriz, udal zerbitzuek edo dagokien entitateek erabakitzen dutenaren arabera eguneratuko dituzte. Horrez gain, metroko panelak ere moldatuz joango dira «poliki-poliki».

«Bilbotar askoren iruditerian beti izan da Plaza Eliptikoa», nabarmendu du Aburtok, «eta, bihartik aurrera, izendapen hori itzuliko diegu». Adierazi duenez, momentuz ez dira lantzen ari memoria historikoarekin loturiko beste izen aldaketarik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA