Bilbotarrek Joaquin Atxukarro piano jotzailea aukeratu dute 2025eko Bilbotar Ospetsu

Abenduaren 15ean egingo diote omenaldia, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan. Ibon Aresori, Gurutze Beitiari, Begoña Etxebarriari eta Andres Urrutiari ere emango diete izendapena, udalak berak aukeratuta.

Joaquin Atxukarro, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Joaquin Atxukarro, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko abenduaren 3a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hautagairen artean aukeratu behar izan dute, hirurak gizonezkoak: Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendari ohia, Cecilio Gerrikabeitia enpresari eta Athleticeko zuzendaritzako kide ohia, eta Joaquin Atxukarro piano jotzailea. 296 botorekin, bilbotarrek Atxukarro aukeratu dute 2025eko Bilbotar Ospetsu. Abenduaren 15ean Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan egingo den ekitaldian egingo diote aitortza. Harekin batera, Ibon Areso alkate ohiak, Gurutze Beitia aktoreak, Begoña Etxebarria soziologoak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ere aitortza jasoko dute, azken lau horiek udalak berak aukeratuta.

Juan Mari Aburto alkateak azaldu duenez, Bilbotar Ospetsu izendapena hiri osoaren izenean udalak egiten duen aitortza nabarmenena da. «Ospetsu titulua ematen zaio Bilbon edo metropoliko udalerrietako batean jaio edo bertan bizi den bilbotarrari, edozein arlotan nabarmendu delako, eredugarria izan delako eta gizalegezko jokaera berezia izan duelako», zehaztu du. Dagoeneko 128 izenek osatzen dute Bilbotar Ospetsuen zerrenda. Tartean daude musikariak, kantariak, historialariak, idazleak, sukaldariak, enpresariak eta abar.

Atxukarro prozesu luze baten ondoren aukeratu dute bilbotarrek. Lehenengo, aitortza hori merezi dutenen zerrenda osatu behar izan dute. Guztira, 46 hautagai proposatu zituzten. Udalak egindako azterketa teknikoan, haietatik 37 ontzat jo ziren. Azaroaren 13an, Hiriko Kontseiluaren osoko bilkurak hiru finalistak aukeratu zituen, eta, azkenik, haien artean bozkatu dute herritarrek.

Izendapenen justifikazioa udalak egin du. Ibon Areso, adibidez, Bilboko «hirigintza eraldaketaren eragilea» izateagatik aukeratu dute. Gurutze Beitiari aktore moduan duen «talentua» aitortu gura izan diote, eta baita «bilbotar umorearekin alaitasuna transmititu izana» ere. Begoña Etxebarriak Bilboko gazteen enplegua hobetzeko konpromisoa duela nabarmendu du udalak. Andres Urrutia, azkenik, «Bilbotik euskara defendatzeko eta bultzatzeko egindako lan irmoagatik» aukeratu dute. Atxukarro herritarrek aukeratu dute, baina udalak ere eskertu gura izan dio «Bilbo munduko agertoki ospetsuenetara eraman» izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.