Bitor Garitaonandia musikari eta idazlea omenduko dute martxoan Zaldibarren

150 urte dira jaio zela. Erakusketa bat eta Donostiako Orfeoiaren kontzertua prestatu dituzte, besteak beste.

Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentea eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkatea, gaur, Zaldibarren. GEREDIAGA
Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentea eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkatea, gaur, Zaldibarren. GEREDIAGA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 18a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 6an 150 urte beteko dira Bitor Garitaonandia musikari, idazle eta euskaltzale zaldibartarra jaio zenetik. Hori dela eta, Zaldibarko Udalak eta Gerediaga elkarteak hura omentzeko ekitaldi sorta bat prestatu dute. Martxoan, musikari, literaturari eta euskarari lotutako hainbat jarduera egingo dituzte herrian. «Garitaonandiak argi izpi zabal bat ekarri zuen dena egiteko zegoen garaian. Ameslaria izan zen, eta bete-betean asmatu zuen martxan jarritako proiektu bakoitza jendarteratzen», esan du Eneritz Azpitarte alkateak. Horregatik, ezinbesteko iritzi dio Garitaonandiari dagokion ohorea aitortzeari.

Hainbat arlotan ibili zen Garitaonandia. Musikan, berbarako, Zamorako (Espainia) katedraleko maisu tenor izan zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuen XX. mendearen hasieran. 1921etik 1936ra Donostian argitaratu zen Argia astekariaren sortzaileetako bat izan zen. Garai hartan idatzi zituen hainbat ipuin eta antzezlan euskaraz. 1925ean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Donostian hil zen, 1925ean. Euskal Pizkundean «ezinbesteko pieza» izan zen Gerediaga elkarteko presidente Gotzon Gomezen esanetan. «Haren oroimenerako egingo dugun ariketak etorkizunerako pistak ere eman ditzake, Euskal Herrian euskararentzat pizkunde berri bat aldarrikatzen ari garen aldi honetan», adierazi du.

Bitor Gariotandiari omenaldia

  • Martxoak 5. Erakusketaren irekiera, 19:00etan, liburutegi zaharrean. Martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Bisita gidatuak martxoaren 7an eta 14an, 11:00etan. 
  • Martxoak 6. I. Bitor Garitaonandia Ipuin Lehiaketako sarien banaketa, 18:30ean, kaperan.
  • Martxoak 7. Euskaltzaindiaren batzar publikoa, 12:00etan, udaletxean. Ondoren, Joseba Sarrionandiaren berbaldia.
  • Martxoak 14. Donostiako Orfeoiaren kontzertua, 19:30ean, Olazar frontoian. Sarrerak otsailaren 23tik martxoaren 6ra eros daitezke, udal liburutegian, bost euroan.

Egitaraua Garitaonandiaren ibilbidea errepasatuko duen erakusketa batekin hasiko dute. Martxoaren 5ean izango da inaugurazioa. Musikari eta idazlearekin harremana izan duten erakundeek ere parte hartuko dute. Esaterako, Euskaltzaindiak martxoko bilera Zaldibarko udaletxean egingo du, eta Donostiako Orfeoiak kontzertu bat eskainiko du herriko frontoian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.