«Nor ez da isilik geratu Bilboko Santiago katedralera sartzean? Nork ez du hotzikara bat sentitu Lekeitioko basilikako erretaula iluntzeko eguzkiak argituta ikustean? Baina badira tenplu txikiak ere, oso ederrak, herri baten fedeak taupadak ematen dituen lekuak». Joseba Segura Bilboko gotzainaren esanetan, ikusgarri zein apal, aberatsa eta askotarikoa da kristautasunak Bizkaian sortu duen ondarea. «IV. gizaldian bere fedearen lehenengo lekukotasunak eman zituenetik gaur arte, kristau elkarteak Jainkoaren misterioa eta haren salbamenezko agerpena irudikatu gura izan ditu». Bilboko Eliz Museoak Bilboko Elizbarrutiko Monumentuen Katalogoa berritzeari eta digitalizatzeari ekin dio, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Guztira, herrialdeko 785 tenpluri buruzko informazioa jasoko du: mila erretaula eta 9.000 eskultura, margolan, urrezko eta zilarrezko bitxi, arropa eta bestelako elementu.
Eskualdeka antolatu dute, eta 2029rako bukatuta izango dutela uste dute. Daborduko osatu dute Nerbioi Garaiari dagokion atala: maiatzaren 30ean aurkeztu zuten Zeberion, Olabarrietako San Tomas apostolua elizan. «Barkatuko diguzue aparteko leku honetan egin izana ekitaldia, baina, konturatuko zinetenez, merezi du», adierazi zuen Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialari eta Bilboko Eliz Museoko zuzendariak. Landa inguruko herri txiki bateko eliza bat izateko, liluragarria da Zeberioko parrokia. 1592ko erretaula ikusgarri bat dauka, eta sakristian ehun bat eskultura ditu gordeta. Beste hainbat berezitasun ere baditu: Bizkaian, egileak sinatu duen elizpe bakarra da Zeberiokoa, herrialdeko kanpairik zaharrenetakoa du, eta, katalogorako egindako ikerketa lanari esker, XVI. mendeko gargola bat topatu dute, dragoi baten burua duena.
«Duela berrogei urte ez zen kontuan hartzen, eta gerta daiteke hamar urte barru hau guztia galduta egotea»
JUAN MANUEL GONZALEZ CEMBELLIN Bilboko Eliz Museoko zuzendaria
Gonzalez Cembellinen esanetan, ez dira hutsetik hasi katalogoa egiten. 1985ean ekin zioten lanari, Deustuko Unibertsitatean Artearen Historian katedradun den Jose Angel Barrio Lozaren zuzendaritzapean. Orduan egindakoaren eta oraingoaren arteko aldea nabarmena da. Lehengo eta behin, nabarmen ugaritu da tenpluen kopurua: ehun urte baino gutxiago zituzten elizak eta ermita gehienak kanpoan utzi zituzten 1980ko urteetan. Katalogatutako elementuen nolakotasuna ere zabaldu da. Adibidez, 1983ko uriolen ondorioz, meza jantzi eta kasulla asko hondatu ziren, eta garbitzera eroan zituzten. Beraz, lehen katalogoan ez dira ageri.

Gainera, oraingoan, agian balio artistiko apalagoa baina beste era batekoa izan dezaketen elementuak ere sartu dituzte. Esaterako, bigarren aldi honetan berebiziko garrantzia eman diote etnografiari: «Duela berrogei urte ez zen kontuan hartzen, eta gerta daiteke hamar urte barru hau guztia galduta egotea», azaldu du Gonzalez Cembellinek. Berbarako, Zeberioko eliza horretan karraka berezi bat dute. Aste Santuan erabiltzen zen kanpaien ordez, mezatara deitzeko. Oro har, txikiak izaten ziren, baina zeberioarrek handi bat egin zuten, Bizkaian ezagutzen den handiena.
«Iraganarekin izaten ari garen elkarrizketa da. Harriei eskatzen ari gara konta diezagutela zer ikusi duten»
JOSEBA SEGURABilboko gotzaina
Atril bat ere erakutsi du Gonzalez Cembellinek Zeberioko elizan. Aldarean meza liburuari eusteko erabiltzen da. 1910eko hamarkadako fabrikazio industrialeko pieza bat da. «Ez du aparteko balio artistikorik, baina Antoni Gaudik diseinatutakoa da, eta katalogoan sartzea merezi duela pentsatu dugu». Ondorioz, Nerbioi Garaiko tenpluetan zazpiehun elementutik gora katalogatu dituzte, eta Bizkai osoan 10.000 baino gehiago izango dira proiektua bukatzerako.

Seguraren esanetan, katalogo bat baino gehiago da egiten ari direna: «Iraganarekin izaten ari garen elkarrizketa da. Harriei eskatzen ari gara konta diezagutela zer ikusi duten». Ikerketa egiten ari zirela, Zeberioko elizako harriek sorpresa bat eman diete, esaterako, Gonzalez Cembellinek kontatu duenez: 1580an, tenplua zaharberritzen ari ziren harginek hainbat diseinu egin zituzten gangarako, haietako bat aukeratzeko, eta horman irudikatuta agertu dira.
«Gure iraganari begirunea erakutsi eta gure oraina aberasteaz batera, katalogo honek ondare iraunkorra utziko du hurrengo belaunaldientzat»
LEIXURI ARRIZABALAGABizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua
Aurreko katalogoa, batez ere, ondarea gordetzeko helburuz egin zuten; zer dagoen jakiteko eta ikertzaileek aztertzeko. Oraingo honetan, horrez gain, gizarteratu ere egin gura dute ondare hori, bizkaitarrek ezagut dezaten zer dagoen herrialdean. «Memoria duen herri bat gara, bere iraganarekin apurtu behar ez duena. Fedea garrantzitsua izan da herri honentzat, eta, oraindik ere, ezinbestekoa da zer garen ulertzeko», esan du gotzainak.
Aldi berean, gura dute kanpokoek ere ezagut ditzatela lurraldeko altxorrak. Horregatik, tenplu bakoitzean liburuxka batzuk egongo dira eskura, eraikinaren eta han dagoen ondarearen berri emateko. Kultur etxeetan eta turismo bulegoetan ere banatuko dituztela esan du Eliz Museoko zuzendariak. Uste dute landa inguruan turismo jasangarria sustatzeko baliabide aproposa izan daitekeela. Eliza eta baselizetako atarietan, QR kode bat egongo da ipinita, gailu elektronikoetatik katalogora sartu ahal izateko. Han topatuko dituzte tenplu bakoitzaren historia eta deskribapen zehatz bat, argazki mordoa eta eraikina barrutik ikusteko aukera, Google Maps aplikazioari esker.
Katalogoa «aurrekaririk gabeko» proiektua da, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuaren esanetan, «erreferentziazkoa nazioarte mailan». Uste du transmisiorako tresna garrantzitsua izango dela: «Gure iraganari begirunea erakutsi eta gure oraina aberasteaz batera, katalogo honek ondare iraunkorra utziko du hurrengo belaunaldientzat». Arlo askotan eragingo duen legatua da, gainera. Izan ere, Arrizabalagak nabarmendu duenez, ondare erlijiosoaz gain, «ondare kulturala, artistikoa, linguistikoa eta identitarioa» ere batu dira. Hain zuzen, proiektuan hizkuntzari emandako garrantzia azpimarratu du; bereziki, bizkaierari. Bilboko Elizbarrutiko itzulpen zerbitzuko langileek eta Labayru fundaziokoek bizkaiera jasoan txukundu dute eduki guztia.