Bizkaian seikoiztu egin da edukiontzi horietan bildutakoa, kontzientziazio kanpaina bati esker

Apiriletik abuztura 'Horia da / Ez da horia' kanpaina egin du foru aldundiak, hamabi herritan. Horri esker, 3.660 edukiontzi gehiago bete dituzte.

Edukiontzi hori bat, Bilboko Foru Jauregiaren parean. BERRIA
Edukiontzi hori bat, Bilboko Foru Jauregiaren parean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko irailaren 18a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apiriletik abuztura, Horia da / Ez da horia kanpaina Bizkaiko hainbat herritatik igaro da, herritarrek edukiontzi horira zer bota behar duten ikasteko. Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina horrek zer eragin izan duen aztertu du, eta, Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuaren arabera, ikusi dute «sentsibilizazio lana eraginkorra» dela. Bizkaian, oro har, %0,68 hondakin gehiago bildu dituzte hilabete horietan edukiontziotan. Ekintzak izan dituzten herrietan, ostera, igoera %4,33koa izan da, batez beste. Bilketa seikoiztu egin da, eta horri esker 3.660 edukiontzi gehiago bildu dira. Asteroko gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian egin du balantzea Atutxak.

Datu orokor horietatik harago, kanpaina igaro den hamabi udalerrietako bakoitzean ezberdina izan da eragina. Esaterako, Plentzian eta Markina-Xemeinen sekulakoa izan da igoera: 2024ko epe berean baino %34,53 eta %41,67 gehiago bildu dute aurten apiriletik abuztura, hurrenez hurren. Hiru udalerritan, ostera, apaldu egin da bilketa, apur bat bada ere: Zallan, Basaurin eta Santurtzin. Atutxak ez du jakin beherakada hori azaltzen: «Oraindik ez dugu azterketa zehatza egin, baina izan daiteke herri horietan goia jo dugulako, adibidez».

Diputatuaren esanetan, kanpainak «oso eragin positiboa» izan du arlo digitalean ere. Izan ere, Bizkairezikla ataria eta Hondakin Go! jokoa gehiago erabili eta deskargatu dira. Atariak, esaterako, bikoiztu egin ditu bisitak, eta laukoiztu ikusitako orrialde kopurua, iazko epe berarekin alderatuz gero. «Horrek erakusten du gero eta jende gehiagok kontsultatzen duela zer egin hondakinekin eta zer edukiontzitan utzi behar diren». Izan ere, diputatuaren arabera, ohikoa izaten da edukiontziak txarto erabiltzea. Batez ere, edukiontzi grisetan bildutakoan ikusten dute hori, birziklatu beharreko hondakin «asko» topatzen dute-eta haietara botata.

Kanpaina honen «arrakasta» ikusita, beste bat egingo du foru aldundiak laster. Hurrengoa, bada, edukiontzi marroiaren erabilerari buruzkoa izango da; hau da, hondakin organikoak zelan birziklatu ikastekoa. Urtea bukatzerako prest eduki gura dute. Atutxaren esanetan, oso garrantzitsua da gero eta hobeto birziklatzea, are gehiago kontuan hartuta laster Bizkaian bigarren birziklatze planta irekiko dutela.

Ikasketak eta enplegua

Gaurko agerraldian foru gobernuak hartutako beste erabaki batzuen berri ere eman dute. Esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak 3.000 eurorainoko laguntzak onartu ditu lurraldeko sektore estrategikoetan STEM masterrak ikasten dituzten gazteentzat. Onuradunak Bizkaian jaiotako edo erroldatutako 30 urtetik beherako gazteak izango dira. Masterraren kostu osoaren %75 jaso ahal izango dute gehienez, eta inoiz ez 3.000 euro baino gehiago. Laguntza eskaera Ekonomia Sustatzeko Sailaren bulego birtualean egin ahal izango da, irailaren 30a baino lehen.

Egun berera arte egongo da zabalik Anezka enplegu eta ekintzailetza anezken foru programan izena emateko epea. Langabeei edo enplegua hobetu gura dutenei zuzenduta dago. Programaren lehen aldia 2016an egin zuten. Ordutik 67 anezka ipini dira abian, eta 1.227 pertsonak hartu dute parte —horietatik 755ek lan munduan sartzea lortu zuten—. Iaz parte hartu zuten hamarretik seik enplegua topatu zuten.

Azkenik, kultura ekitaldi bat iragarri du Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak: Bizkaiko Foru Jauregiaren 125. urteurrena ospatzeko kontzertu berezi bat egingo dute Bilboko Koral Elkarteak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak, jauregiaren inguruan, Kale Nagusian. Urriaren 4an izango da, 20:00etan, eta doakoa izango da. Mikel Fernandezen zuzendaritzapean eta Lorea Lopez sopranoaren eta Aitor Garitano tenorearen ahotsean, euskal konpositore klasiko ospetsuen lanak entzun ahal izango dira: besteak beste, Jesus Guridiren El Caserío eta Meiga, Charles Colinen Maitena eta Jose Maria Usandizagaren Mendi-Mendiyan. «Ordubete, musikarik onenaz gozatzeko, leku paregabean», nabarmendu Arrizabalagak. Bostehun eserleku ipiniko dituzte, eta 19:30etik aurrera esleituko dira, guztiak bete arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.