Bizkaiko Aldundiak suhiltzaile izateko lan eskaintza publikoa iragarri du, hizkuntza eskakizunak «epaietara egokituta»

Foru aldundiak 39 plaza eskainiko ditu, eta haietatik %10 emakumeentzat gordeko ditu. Azterketak datorren urteko lehen seihilekoan egingo dira.

Bizkaiko foru suhiltzaileen simulakro bat, Durangon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bizkaiko foru suhiltzaileen simulakro bat, Durangon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 23a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiaren gaurko gobernu kontseiluak 2025eko bigarren lan eskaintza publikoa onartu du. Guztira 41 plaza dira, horietatik 39 suhiltzaile gidari izateko. Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu duenez, hizkuntza eskakizunei dagokienez, azkeneko deialdietan aplikatu duten irizpide bera aplikatuko dute oraingoan ere: hau da, «epaietara egokituko» dute, deialdietan parte hartuko dutenei «segurtasun juridikoa» emateko. «Bermatuko dugu edonork parte hartu ahal izango duela nahi duen hizkuntzan, eta herritarrek gura duten hizkuntzan jasoko dituztela Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuak», gaineratu du. Ez du zehaztu zeintzuk izango diren eskakizunak oraingoan eta zenbat postutan ezarriko dituzten, baina aurrekoetan postu batzuetara mugatu zuten euskara jakiteko beharra.

Eskainiko diren 39 postuetatik %10 andreentzat gorde dituztela nabarmendu du Izagirrek. Gaur egun, oro har, Prebentziorako, Suak Itzaltzeko eta Salbamendurako Zerbitzuko langileen %4 baino ez dira andreak, eta, suhiltzaile gidarien kasuan, ez dira %2ra heltzen. Legez, diputazioak plaza batzuk gorde behar ditu emakumeentzat, baina, diputatuaren esanetan, «konpromiso etiko» bat ere bada eurentzat. Adierazi du lan egingo dutela andreek suhiltzaile lana ere kontuan har dezaten haien lan aukerei dagokienez.

218626156 23102025120012 foto1
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailea eta Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA

Era berean, lan eskaintzan 28 plaza eskainiko dira suhiltzaile kabu izateko, eta barne promozio bidez beteko dira. Lan eskaintza publiko horretan arkitekto postu bat eta herritarren eskubideen arloko erdi mailako teknikari izateko beste bat ere badaude. Deialdia urte bukaeran egingo dute, eta lehen probak datorren urteko lehen seihilekoan egingo dira.

foru jauregiaren 125. urteurrena

Bizkaiko Foru Jauregiaren 125. urteurrena ospatzeko ekitaldi gehiago iragarri ditu foru aldundiak. Abendura bitartean, bisita musikatuak, murgiltze esperientziak eta argi jokoetan oinarritutako ikuskizunak eskainiko ditu. Datorren astetik aurrera, jauregiaren inguruan ibiliko direnek aukera izango dute Historiaren kutxa izeneko egituran sartu, eta murgiltze esperientzia batez gozatzeko: hamazortzi metroko ibilbide batean, Foru Jauregi barruan daudela sentituko dute. Urriaren 27tik azaroaren 10era egongo da erabilgarri, 09:00etatik 19:00etara. Bizkaiko hainbat efemeride garrantzitsu gogoratzeko ere balioko du: Bizkaiko Foru Barriaren bosgarren mendeurrena eta Kontzertu Ekonomikoaren 150. urteurrena. Bilbotik Bizkaiko hainbat herritara eroango dute gero. 

Azaroan eta abenduan, bisita musikatuak egingo dira Foru Jauregian. Ordubetez, eraikineko lekurik ikusgarrienak bisitatu ahal izango dira. Hiru emanaldi eskainiko dira egunero, eta saio bakoitzean hirurogei lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez. Bizkaia.eus webgunean eman beharko da izena. Azkenik, azaroaren 21etik 27ra, argi ikuskizun batek Bizkaiko historia kontatuko du Foru Jauregiaren fatxadan. 

Gaurko gobernu kontseiluan, multinazionalek gutxieneko zerga bat ordainduko dutela bermatuko duen zergaren aurreproiektua ere onetsi du diputazioak, Batzar Nagusietara bidaltzeko. Europako Batasunaren 2022ko zuzentarau baten ondorio da zerga berri hori. Leixuri Arrizabalaga foru bozeramaileak azaldu duenez, nazioarteko edo Espainiako Estatuko talde handi baten parte diren entitateek ordaindu beharko dute, eta ez die eragingo erakunde publikoei, irabazi asmorik gabeko erakundeei eta pentsio funtsei.

Arrizabalagaren arabera, honako baldintza hauek betetzen dituztenek ordainduko dute zerga: enpresa talde handi bateko parte direnek, azken lau zergaldietatik bitan gutxienez 750 milioi euroko negozio zifra finkatua daukatenek, eta gutxieneko %15eko zerga tasa baino gutxiago ordaintzen dutenek. Izan ere, zerga berriaren helburua da enpresa horiek gutxienez %15eko zerga ordaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.