Nazioarteko ziurgabetasunak eta eraldaketa industrial, digital eta energetikorako prozesu handiek markatutako garai ekonomikoa bizi dute Bizkaiko enpresek, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren esanetan. «Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundian berretsi egiten dugu lurraldeko ekonomia produktiboarekin eta bertako enpresekin dugun konpromisoa». Aurten, 63 milioi euro banatuko ditu diputazioak lurraldeko enpresen artean; hau da, iaz baino %22,6 gehiago. Horietatik erdiak inguru enpresek itzuli beharko ez dituzten laguntza ekonomiko zuzenak izango dira. Laguntzen gida aurkeztu du Basurkok gaur, Joseba Mariezkurrena Ekintzailetza, Talentua eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko foru zuzendariarekin batera.
Diputatuak nabarmendu duenez, laguntzetan emandako «euro bakoitzak eragina izatea» gura dute. Horregatik, laguntzen plana egokitu dute, entzute prozesu baten ondoren. «Zenbatekoak handitu ditugu eskaria eta inpaktua handiagoak diren esparruetan, eta laguntza lerro berriak ireki ditugu Bizkaiko ehun ekonomikoa indartzeko aukerak identifikatu ditugun lekuetan», esan du Basurkok. Hala, hainbat berrikuntza daude 2026ko laguntzetan.Â
Planak programa berri bat du start-up-ak bizkortzeko. Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako enpresa unitateek ere foru laguntzak jaso ahal izango dituzte, teknologia eta ikerketa zentroetako barne ekintzailetzako proiektuetarako. Bizkaia Sortzailea egitasmoaren kasuan, laguntzetarako aurrekontua %30 handitu da, ikus-entzunezkoen arloko jarduera berriek eta musika arloko proiektuek ere laguntzak eskatu ahal izateko. Berbarako, bideojokoen, modaren, diseinu industrial eta grafikoaren eta musikaren esparruko jarduerak gehitu dituzte laguntzak jasotzeko eskubidea izango dutenen zerrendara. Ikus-entzunezkoen sektorean, gidoigintza eta zuzendaritza zinematografikoa, castinga, azpitituluak eta bikoizketa, eszenografia, lokalizazioak, argiztapena, soinua, kamerak, jantziak eta makillajea gehitu dituzte. Laguntza hauetarako epea apirilean irekiko da.
Batez ere, berrikuntza
Ekintzailetza, berrikuntza, nazioartekotzea eta talentua bultzatzea dira zuzeneko laguntzen helburu nagusiak, eta lau arlo horietan banatu dituzte, Mariezkurrenak azaldu duenez. Zuzeneko laguntzetan banatuko diren 31,18 milioi euroetatik 26,17 milioi berrikuntza sustatzeko erabiliko dituzte. Arlo horretan zazpi programa daude. Besteak beste, 3i programa, 4,7 milioi euroko aurrekontuarekin; inpaktu handiko enpresa proiektuei milioi erdira arteko laguntza eskaintzen die. 2i programak sei milioi euro banatuko ditu, enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza bultzatzeko.Â