Hamabost urtez etenik gabe argitaratu dira Bizkaiko Hitza eta Gipuzkoako Hitza, baina gaurko hau dute azkeneko zenbakia astekari gisa eta paperean. Irailetik aurrera beste etapa bat hasiko dute, eta BERRIAk egunero landuko du Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde informazioa euskarri digitaletan, papereko astekari izateari utzita, eta Arabako informazioari ere leku handiagoa emango dio.
BERRIAk sortu zituen herrialdeetako Hitzak, 2010eko azaroan, sumatuta bazela informazio jario bat BERRIAren irakurleengana iristen ez zena. Eskualdeetako Hitzekin elkarlanean abiatu zituen astekari horiek, eta 685 zenbaki egin dituzte gaurko honekin. Dozenaka kazetari eta kolaboratzailek parte hartu dute agerkari horietan, eta haiek egindako lana nabarmendu du Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordeak: «Hamabost urte hauetan, Hitzek ekarpen nabarmena egin dute: BERRIAra lurraldeetako informazioa ekarri dute, eta BERRIAn lekua eman diete bestela lekurik izango ez zuten lurraldeko eragile eta pertsona askori».
Papereko astekaria argitaratzeari uzteko erabakia ez da erraza izan. Bizkaiko Hitza eta Gipuzkoako Hitza eskualdeetako Hitzekin ere banatu dira, BERRIArekin zabaltzeaz gainera, eta milaka irakurle zituzten astero-astero. Bestalde, euskarak ez ditu papereko informazio euskarriak sobran, eta BERRIAren helburua beti izan da euskaldunei ahalik eta zerbitzu zabalena eta aukera gehien eskaintzea, Goenagak gogorarazi duenez.
«Gure apustua, papera kenduta, aktualitatearen berri hobeto ematea da, lurraldearen ikuspegi osoago bat emateko»
EIDER GOENAGABERRIAko zuzendariordea
Baina astekariaren martxa zailtasun bat izan da lurralde horietako aktualitateari behar bezala erantzuteko. Sarritan, astekariek ezin izan diote garaiz heldu lurralde horietako eguneroko gertakariei, eta BERRIAko irakurleek galdu egin dute informazio jario bat, gero astekariak beti osatu ahal izan ez duena, formatuak eraginda. «Astero hamasei orrialde egin beharrak, oso talde txikiekin, zailtasunak eragin ditu lurralde horietako aktualitatea behar bezala emateko».
Bestalde, badira hamar urte Arabako Alea sortu zela eta BERRIAk proiektu horri ekarpen bat egin ziola. «Arabako Hitza-k bost urte egin zituen, Arabako Alea sortu zen arte», ekarri du gogora Goenagak: «Eta BERRIAk proiektu horrekin konprometituta jarraitzen du, Arabari sekulako ekarpena egin diolako. Baina BERRIAk, aitortu behar dugu, ez du ongi asmatu Arabari behar duen tokia ematen, edo Alea-k egiten duen hori BERRIAn erakusten. Segur aski, Arabako informazioan desoreka bat ekarri du horrek BERRIAra».
Asmoa ez da Alea-rekin lehiatzea, inondik ere, Goenagak zehaztu duenez, baizik eta BERRIAko irakurleei Arabako aktualitatearen berri maizago ematea, eta horretarako sinergiak bilatzea. «Alea-rekin elkarlana estuagoa izatea, hori da gure asmoa, eta kazetari bat jarriko dugu zeregin horietan, Arabako aktualitatearen berri hobeto emateko BERRIAn ere».
Webgunean, BERRIAn, buletinetan
Irailean hasiko dute hiru lurralde horietako kazetariek lurraldeko informazioari buruzko etapa berria, eta egunero jarraituko dute zeinek bere lurraldeko askotariko informazioa. BERRIAren webgunean eskura egongo da informazio hori guztia, Lurraldeak atalaren barruan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa azpiataletan —webgunearen azaletik zein menutik sar liteke horietara—. Horrez gain, BERRIAren eguneroko papereko edizioan ere argitaratuko dira lurraldeetako informazio batzuk, papereko irakurleentzako eskaintza ere osatzeko.
«Gure apustua, papera kenduta, aktualitatearen berri hobeto ematea da», azaldu du Goenagak: «Gure irakurleei batzuetan webgunean emango dieguna, eta beste batzuetan paperean ere emango dieguna. Pentsatzen dugu horrek lurraldearen ikuspegi osoago bat emango diela irakurleei».
Gainera, udazkenetik aurrera, BERRIAren irakurleek aukera izango dute lurraldeetako buletinetan izena emateko. Hartara, modu eroso eta errazean, nahi duenak bere posta elektronikoan jasoko ditu aukeratutako herrialdeetako berri guztiak.
«‘Hitzek’ BERRIAn lekua eman diete bestela lekurik izango ez zuten lurraldeko eragile eta pertsona askori»
EIDER GOENAGABERRIAko zuzendariordea
Nafarroako Hitza-k eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k jarraituko dute astekari gisa, paperean. Ipar Euskal Herrian, euskarak gabezia nabarmena du papereko argitalpenen artean, eta harpidetzak sustatzeko kanpaina bat egiten ari da BERRIA, astekari hori etxe gehiagotara zabaltzeko. Nafarroan, berriz, eskualde batzuetan euskal prentsa sendo ari bada ere, beste eskualde askotan ez da euskarazko hedabide erreferenterik, eta herrialdea ikuspegi orokor batez landuko duen argitalpen bat edukitzeari interesgarri irizten dio BERRIAk.
Lurraldeetako informazioaren garrantzia azpimarratu du Goenagak: «BERRIA egunkari nazionala da, eta ikuspegi nazionala ematen du; gero, tokiko asko ere badira, herrietan eta eskualdeetan. Baina lurraldearen osotasunetik begiratuta, hutsune bat badago euskarazko informazioan, eta inportantea da: erabaki asko eta gertakari asko izaten dira lurralde mailan, diputazioetan adibidez, eta jende askori eragiten diete informazio horiek. BERRIA, batzuetan, ez da ongi iristen informazio horiek ematera, eta herrietako tokikoak ere, askotan, ez dira iristen informazio horietara. Hor badago, beraz, informazio behar bat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeei dagokienez».