Futbol epaileak haserre daude, eta errespetua eskatu dute. Horregatik, Bizkaiko Futbol Epaileen Batzordeak erabaki du ez duela parte hartuko azken bi asteetan epaileen aurka oldartu diren kluben partidetan. Hala, asteburu honetan ez dute inor bidaliko Bizkaiko hirugarren mailan dabilen Basauriko BEAk, gazteen mailako Portugaletek eta eskola kirolean Berangoko Karabiganek jokatuko dituzten norgehiagoketara.
Ohi bezala jardun aurretik, Lehia Batzordeak zer zigor ezarriko dituen jakin gura dute epaileek, baita Bizkaiko Futbol Federazioak eta hiru kirol taldeek zer esaten duten ere. Izan ere, epaileen batzordea harrituta dago kluben isiltasuna dela eta. Bart erabakiaren berri emateko zabaldu zuen oharrean dioenez, «zentzuzko denbora tarte batez» itxaron dute, baina azkenean neurriak hartzea erabaki dute, tarte horretan klubek ez dutelako «ez damurik agertu, ez barkamenik eskatu».
Basauriko BEAk zigorra jaso du dagoeneko. Bizkaiko Futbol Federazioak seiehun euroko isuna ezarri dio, eta hiru partida ateak zarratuta jokatu beharko ditu. Federazioaren esanetan, «larriak» dira epaileak salatutako gertaerak. Entrenatzaileak ere isuna ordaindu beharko du, eta ezingo du bost partidatan parte hartu. Futbolari bi lau partidatarako zigortu dituzte. Zigorren berri jakin aurretik, oharra kaleratu du klubak, gaur goizean. Barkamena eskatu du gertatutakoagatik, baina zalantzan ipini du epailearen kontakizuna: «Aktan jasota dagoen guztia ez zen horrela gertatu». Halakoak berriz ez gertatzeko neurriak hartuko dituela dio klubak.
Berangoko Karabiganek ere gaur eten du egunotako isiltasuna, epaileen erabakiaren berri jakindakoan. Barkamena eskatu du ohar bidez. Klubaren esanetan, gertatutakoa ez dator bat beren balioekin, eta iragarri du «diziplina neurriak» hartuko dituela aurrerantzean eskola kirola «eremu segurua» izan dadin.
Oso larriak dira epaileek salatutako erasoak, eta epaile batzuk adingabeak dira. Esaterako, joan den zapatuan Basauri BEAk eta Delta Duok jokatu zuten partidan, epailea iraindu eta heriotza mehatxua egin zioten Basauriko futbolari, entrenatzaile eta zaleek, epaileak berak aktan jaso zuenez. Gainera, idatzian kontatu zuenez, norgehiagoka bukatutakoan ere eraso egin zioten, aldageletan: bere gelako atea behin eta berriz jo zuten, eta epailea iraindu zuten. Ikaratuta, dutxatu gabe alde egin zuen epaileak.