Bizkaiko gizarte kohesiorako plan berria, intersekzionalitatean eta komunitatean oinarrituta

Bizkaiko Foru Aldundiak Aniztasunaren eta Gizarte Kohesioaren II. Plana aurkeztu du. 2030era arte egongo da indarrean, baina 2027rako helburu batzuk bete beharko ditu. Arreta berezia jarri dute pertsona zaurgarrietan.

Teresa Laespada Enplegua, Berdintasuna eta Gizarte Kohesioa Sustatzeko diputatua eta Natxo Rodriguez Gizarte Kohesiorako zuzendaria, gaur, Bilbon. BERRIA
Teresa Laespada Enplegua, Berdintasuna eta Gizarte Kohesioa Sustatzeko diputatua eta Natxo Rodriguez Gizarte Kohesiorako zuzendaria, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko irailaren 22a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko planarekin «ikasitakoa oinarritzat hartu eta anbizioz etorkizunera begiratuta», Bizkaiko Foru Aldundiak II. Aniztasunerako eta Gizarte Kohesiorako Plana osatu du, 2025-2030 aldirako. Oinarri nagusi bi ditu, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Bizkaiko foru diputatuak nabarmendu duenez: intersekzionalitatea eta komunitatea. «Intersekzionalitateak laguntzen digu desberdintasunen konplexutasuna ulertzen, eta, ikuspegi komunitarioari esker, gure jarduna eguneroko harremanetan kokatu dezakegu». Goizean aurkeztu dute, Bilboko Bilborocken egindako jardunaldi batzuetan. 

Laespadaren esanetan, intersekzionalitatea ez da «kontzeptu huts» bat, «justizia soziala lortzeko tresna erabilgarri» bat baizik. «Emakume migratzaile, gazte eta elbarri batek ez ditu lau diskriminazioen batuketa sufritzen. Zaurgarritasun esperientzia bakarra sufritzen du, eta modu integralean erantzun behar diogu». Laespadaren esanetan, pertsona ipini behar da gizarte kohesioa lortzeko politiken erdigunean. «Ikuspegi horrek zera dakar: etengabe gogoeta egitea eta baztertuta dauden edo zaurgarri diren horiek zuzenean parte har dezaten bultzatzea». Era berean, komunitate osoa bultzatuko da jardutera. 

Bost urte iraungo duen arren, planak mugarri bat izango du 2027an. Ordurako lortu gura dituzten helburu batzuk ezarri dituzte, Bizkaiko erakunde publikoek eta hirugarren sektoreko erakundeek bete beharrekoak. Lau ardatzen inguruan egingo dute lan: ezagutu eta aintzatetsi; berba egin; saretu eta egin. 

Aurreko planarekin Bizkaiko Foru Aldundiak aniztasuna eta gizarte kohesioa bultzatzeko 229 proiektu finantzatu zituen. Guztira, 2,6 milioi euroren inbertsioa egin du; batez beste, urtean 56 erakundek jaso dute laguntza. Elkarrizketarako eta Partaidetzarako Mahai Iraunkorra delako organoa sortu zuten, administrazioaren eta gizarte erakundeen arteko harremana indartzeko. Goihabe programa ere bultzatu zuten, eta nazioarteko babesa eskatu duten hirurehun familiari baino gehiagori eman diete laguntza. ZAS Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarea ere sustatu dute, diskriminazioari aurre egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.