Bizkaiko gizarte zerbitzuetako itxaron zerrendak salatu ditu EH Bilduk

Diputazioak erantzun du, «premiazko egoeretan egoitzetako lekuen berehalako esleipena guztiz bermatuta» dagoela.

Adinekoen bizikidetza unitatea, Getxon, artxiboko irudian. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Adinekoen bizikidetza unitatea, Getxon, artxiboko irudian. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko azaroaren 23a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaian, 2.372 adineko zeuden udan egoitza publiko baten lekua izateko eskubidea aitortuta zutela; horietatik 1.910 egoitza pribatu batean zeuden eta zerbitzua ordaintzeko diputazioaren diru laguntza jasotzen zuten. EH Bilduko batzarkide Urtzi Ostolozagaren esanetan, horietako bakoitzak 4.000 eurora arte ordaindu behar izaten dute hilean. Beste 758 mendeko eta 93 elbarri zeuden eguneko zentro batera sartzeko zain. Ostolozagaren ustez, egoera «oso larria» da. Diputazioari egotzi dio zerbitzu-txekeari lotutako eredua sustatzen aritzea, hau da, zerbitzu pribatua ordaintzeko laguntza publikoak ematea. Zaintzak zerbitzu publiko moduan hartzeko eskatu dio, osasungintzarekin eta hezkuntzarekin egiten den legez. Txarretsi du egungo egoerak zaintzen familiarizazioa, feminizazioa eta prekarizazioa sustatzen dituela.

Azalpenak eskatu dizkio Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuari gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean. Antxustegik ukatu egin du itxaroten egotea arta jaso gabe egotea denik. Leku bat esleitu artean, diputazioak laguntza ematen diela azpimarratu du. «Premiazko egoeretan, egoitzetako lekuen berehalako esleipena guztiz bermatuta dago, menpekotasun mailaren eta egoera ekonomikoaren arabera», nabarmendu du.

Gogoratu du foru aldundia eta udalak gizarte zerbitzuen mapa berria osatzen ari direla iaztik. Bien bitartean diputazioak zerbitzuak «indartu» egin dituela gaineratu du, «zain geratu barik»: berbarako, apirilean, egoitzetan itunduta dauden oheen kopurua eta bizikidetza unitateetakoak ugaritu egin zituen—2.790 eta 470 dira orain, hurrenez hurren—. Hala ere, ohartarazi du baliabideak ez direla «mugagabeak». Gainera, datorren urteko lehen hiruhilekoan zabalduko dute Getxoko belaunaldi arteko zentroa, eta adinekoentzako ehun leku izango ditu.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordea, gaur, Bilbon. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordea, gaur, Bilbon. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

Umeen zerbitzuaren egoerari ere erreparatu diote. Ostolozagak arlo horretako atzerapenez ere ohartarazi du. Diputatuak erantzun dio kasuaren koordinatzailea esleitu eta bi edo lau astera hasten direla arreta ematen; «premiazko kasuetan, jarraian». 2018tik familian esku hartzeko programa %64 hazi dela kontatu du Antxustegik; sexu abusuengatik arreta psikologikoa eskaintzen zaienen kopurua %123 eta nereabeen programan artatzen direnena %152. «Hala ere, itxaronaldiak ez dira hilabetetik pasatzen», nabarmendu du. Familia elkartzeko gunean, familia harreran eta egoitzetan lekuak eta baliabideak ugaritu dituztela esan du.

Espainiako finantzaketa

Datorren urtetik aurrera Espainiako Gobernua mendekotasun gastuen erdiaren kargu egingo da. Ostolozagak esan du horrek ekarriko duela gizarte zerbitzuetarako dirua «hirukoiztea». Antxustegik ukatu egin du handitze hori. Gaur egungoaren aldean, %50 inguru haziko dela zehaztu du. EH Bilduk gura du diru hori egoitzetan, eguneko zentroetan eta elbarrien arretan leku publiko berriak sortzera bideratzea.

Antxustegik erantzun dio ezin daitekeela gura denerako erabili. Espainiako Gorteek egindako Menpekotasun Legearen erreforman jasotako eskakizunak betetzeko erabili behar dutela zehaztu du. Besteak beste, datorren urtean honakorako erabiliko dute: Gizatek zerbitzua laguntzen eredu misto bihurtzen, alboko esklerosi amiotrofikoa dutenei edo mendekotasun handiko pertsonei laguntza ematen —Bizkaian, daborduko 24 pertsonak jasotzen dute— eta laguntza ekonomikoen funtsa hamar milioitan handitzen.

Antxustegik esan du orain arte Espainiako Gobernuak finantzaketa defizita izan duela Bizkaian inbertitutakoarekin alderatuta: «2025ean, Estatuko Administrazio Orokorrak 70.951.470 euro jarri zituen, eta Bizkaian Gizarte Ekintzan egindako gastua 527.186.000 eurokoa izan zen; hau da, % 13,46 finantzatu zuen; azkenengo hamarkadan, berriz, ez zen %11ra ailegatu», azaldu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA