Bizkaiko hondartza denboraldia maiatzetik urrira luzatzea aztertuko du diputazioak

Gaur hasi da hondartza denboraldia. Irailaren 30era arte, 155 sorosle, hamasei koordinazio langile, hamalau hondartzain eta 103 garbitzaile arduratuko dira Bizkaiko hondartzetan segurtasuna eta garbitasuna bermatzeaz.

Jendea hondartzan, gaur, Gorlizen. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Jendea hondartzan, gaur, Gorlizen. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
GORLIZ
2026ko ekainaren 1a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 1a. 11:00ak. 21 gradu hondartzan, eta ura 19 gradutan. Itsasbeherarako ordubete inguru falta zen, eta lekua zenbat gura zegoen. Aro horrekin hasi da Gorlizen Bizkaiko hondartza denboraldia, sorosleek bandera berdea altxatu dutenean. Bainua libre, beraz. «Ura fresko dago oraindik, baina giro itzela dago paseorako eta eguzkia hartzeko», esan du Jaime Jimenezek. «Alde ederra joan den asteko bero sargoriarekin». Izan ere, pasatako egunetan askok jo zuten itsasbazterrera beroalditik ihesi. Maiatzaren 23ko eta 24ko asteburuan aparkatzeko zailtasunak ere egon ziren hainbat lekutan. Bizkaian ez da aparteko arazorik sortu uretara sartu zirenekin, baina eztabaida sortu da denboraldia aurreratzeko beharraren inguruan. «274 pertsonako talde batek egiten du lan gure hondartzetan, eta hori antolatzeko denbora behar da. Aurten ez da egon lehenago hasteko tarterik, baina datorren urtera begira hasiera eta bukaera malguagoak izateko gogoeta egiten ari gara», esan du Arantza Atutxa Bizkaiko Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak. Gorlizko alkate Ekaitz Paurekin bisitatu ditu goizean hondartzako beharginak.

Behar balitz, maiatzeko eta urriko asteburuetan ere sorospen eta garbiketa zerbitzuak eskaintzea litzateke kontua, arriskurik izan ez dadin eta hondartza baldintza egokietan egon dadin. Hala ere, Atutxak ohartarazi du ez dela foru aldundiak bakarrik hartu beharreko erabakia. Udalek ere zer esana dute, eta haiekin adostu beharko lukete. Horrek zerbitzuaren kostua handituko luke, baina oraindik ez dute kalkulatu zenbat. Ekainaren 1etik irailaren 30era arte egongo da martxan aurten denboraldia, eta zazpi milioi euroko aurrekontua izango du.

kanpoko igerilekuak ere zabalik

Bizkaiko hainbat herritako udal igerilekuetan ere gaur hasi dute udako denboraldia: besteak beste, Bilbon, Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin, Mungian eta Galdakaon. Zornotzan eta Arrigorriagan, hilaren 8ra arte itxaron beharko dute. 13an zabalduko dituzte Basauriko kanpoko igerilekuak; Etxebarrikoak, 19an. Bilbon, hondartza berdeek ere gaur hasi dute udaldia: San Antonioko, Ibaiederreko, Etxebarriko, Ametzolako eta Sarrikoko parkeetan, dutxak 10:00etatik 22:00etara egongo dira baliagarri. Gainera, Indautxu plazan ur lainoztagailuak dauzkan eremu bat atondu dute. Bilboko Udalak baztertu egin du aurrerantzean kanpoko igerilekuak eta hondartza berdeak maiatzean zabaltzeko aukera.

Jimenezek ondo deritzo denboraldi hasiera aurreratzeari. Badia barruan, Gorlizko eta Plentziako hondartzetan, itsasoa ez da arriskutsu egoten normalean, baina iruditzen zaio beste hareatza batzuek sorosleak behar dituztela jendea uretara sartzen ibiliko bada. Virginia Berrak, ostera, «gehiegizkoa» deritzo. «Posible da egun batzuetan ohi baino jende gehiago etorri izana, baina sasoi honetan oso gutxi gara hondartzara etortzen garenak. Umeek oporrak hartzen dituzten arte, ez da jende askorik ibiliko. Ez du merezi sorosleak lehenago hastea». Donostiarra da Berra, baina Gorlizen bizi da aspaldian. Hedabideetan ikusi du bere sorterrian surflariak ibili direla sorosle beharrak egiten. «Grosen denboraldia aurreratzea ulertuko nuke, itsas korronte arriskutsuak dituelako. Gorlizen, ez». Iritzi berekoa da Dani Blanco ere. Umeekin joan da hondartzara goizean. Aurreko egunetan ere joan izan dira hondartzara. «Ezohiko tenperaturak izan ditugu, eta ez dut uste askotan gertatuko denik hori. Oraindik soroslerik ez badago, ez sartu uretara. Arduraz jokatu behar da».

Bizkaiko hondartza denboraldiaren inaugurazioa, gaur, Gorlizen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bizkaiko hondartza denboraldiaren inaugurazioa, gaur, Gorlizen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Erantzukizuna eskatu du diputatuak ere, sorosleak daudenean ere bai. «Profesionalen aginduei kasu egiteko eskatzen diegu herritarrei, banderak errespetatzeko eta bainatzeko bakarrik zaintza eta sorosle zerbitzua aktibo dagoenean. Gu zaintzeko daude, eta hondartzaz segurtasunez gozatzen laguntzen digute». Hondartzak jagoteko deia egin du Atutxak, hori baita aurtengo denboraldirako diputazioak hautatu duen leloa, errespetua eta zaintza partekatua sustatzeko asmotan: Zaindu barruan duzun hondartza. «Elkarregaz gozatzeko eta bizitzeko dugun moduaren parte dira. Haurtzaroko oroitzapenak dira: udak familian, lagunak, ibilaldiak, lasaitasuna, oporraldia... Adierazten duten guztiagatik, zaindu, babestu eta errespetatu egin behar ditugu».

8

Lagundutako bainu zerbitzua izango duten hondartzak. Bizkaiko zortzi hondartzatan lagundutako bainu zerbitzua eskainiko dute, gaurtik irailaren 30era: Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri. 11:00etatik 20:00etara egongo da martxan, astelehenetik domekara. Online edo hondartzan bertan eman daiteke izena.

Uda honetan, Bizkaiko 23 hondartzetan, 155 sorosle eta hamasei koordinatzaile, 103 garbitzaile eta hamalau hondartzain ibiliko dira beharrean, segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko. Ohiko zerbitzuak ere martxan daude: 86 dutxa, 78 iturri eta oinak garbitzeko txorrota, 400 plataforma eta 2.500 metro pasabide. Aurtengo berrikuntza nagusien artean, pasabideon zabalera nabarmendu du Atutxak: orain artekoak 1,10 metrokoak ziren, eta berriek metro bi dituzte. Era berean, sorospen dorreak berritzen ere badabil diputazioa, zurezkoak ipintzeko. Denboraldi honetan lau izango dira, Lagan ipini baitute berria. Dutxen azpiko hormigoizko oinarrien ordez, altzairu herdoilgaitzezkoak jarri dituzte, eta, horri esker, denboraldia bukatutakoan kendu ahal izango dira. Megafonia sistema ere aldatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE