Bizkaiko landa eremuko bideak hobetu eta mantentzen lagunduko du diputazioak

Bost milioi euroko ezohiko funts bat sortu du. 83 udalerri lagunduko ditu.

Landa eremuko errepide bat, Gamiz-Fikan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Landa eremuko errepide bat, Gamiz-Fikan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 9a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost milioi euroko ezohiko laguntza programa bat sortu du Bizkaiko Foru Aldundiak, landa eremuko bideak hobetzeko eta mantentzeko. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren esanetan, herrialdeko alkateekin egin dituen bileretan sarritan esan izan diote ez dutela bide horiek egoki mantentzeko baliabiderik, eta arazo horri konponbidea ematea da diputazioaren asmoa. 

Bizkaia Denontzat estrategiaren parte dira ezohiko diru laguntza horiek. Estrategia horren helburua da lurraldea era orekatuan garatzea eta landa eremuei arreta berezia ematea, diputatuaren esanetan. Horretarako, laguntza horiek arautuko dituen dekretuak kontuan hartuko du Landa Ingurunearen Garapenaren Legean jasotako landatartasun mapa, baita biztanleria dentsitatea ere.

Diputazioak egindako kalkuluen arabera, herrialdeko 83 udalerrik jaso ahal izango dituzte laguntzak. Haietako bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jaso ahal izango ditu. Arreta bereziko eremuetan dauden udalerriek obren kostuaren %75 jaso ahal izango dute laguntzetan; esaterako, Arakaldok, Karrantzak, Lanestosak eta Ziortza-Bolibarrek. Auzo guztiak landa izaerakoak dituzten udalerriei kostuaren %65 ordaintzen lagunduko diete. Gainontzeko udalerrietan, dentsitatea izango da irizpidea. Adibidez, kilometro karratuko 300 eta 450 biztanle artean dituztenen udalerriek kostuaren erdia jasoko dute laguntzetan. 

Diputatu nagusiaren esanetan, foru aldundiaren jardunean «berebiziko garrantzia» du lurralde eta gizarte kohesioak. «Bizkaia ez da bakarrik azpiegitura handiekin egiten: azpiegitura txikiekin edo txiki iruditu ahal zaizkigun hauekin ere egiten da. Txikiak izan arren, bertan bizi direnentzat, baserri bat edo ustiategi bat daukan pertsonarentzat beharrezkoa da bide hauek behar bezala mantentzea». Erakundeen arteko elkarlana ere azpimarratu du Etxanobek, kasu honetan udalen eta diputazioaren artekoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.