Abenduan aurkeztu zuen diputazioak Basoen Foru Arau berria, eta gaur abiatu dute tramitazioa Bizkaiko Batzar Nagusietan. Oposizioak «anbizio handiagoa» eskatu du. EH Bilduko batzarkide Iratxe Arriolak esan du testuan «aldaketa semantikoa» nabaritu duela, baina «harago» joateko eskaera egin dio diputazioari. Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Richar Vaquerok ohartarazi du arau proiektuak «diagnosi ona» egiten duela, baina «labur geratzeko arriskua» duela.
1994ko foru araua ordezkatuko du berriak. Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak adierazi duenez, «ez da eguneraketa tekniko huts bat». «30 urte hauetan asko aldatu da egoera: basoa erabiltzeko modua, gizarteak basoagaz duen lotura, eta ingurumenaren eta klima aldaketaren testuingurua». Arau berriak datozen urteetarako oinarriak ere finkatuko ditu, Atutxaren esanetan.
Aspaldi hasi ziren araua ontzen, sektoreko eragileen parte hartzearekin. 60 zuzenketa inguru jaso zituen, eta horietako batzuk txertatu dituzte diputazioak onartu duen arau proposamenean. Diputatuak nabarmendu duenez, ingurumen, ekonomia eta gizarte interesen arteko oreka lortzen ahalegindu dira.
Atutxak azpimarratutako berrikuntzetako bat baso plangintza hierarkikoa da: Bizkaia mailan, eskualde bakoitzean eta lursail bakoitzean zer egingo den zehaztuko da. Suteen aurkako neurriak ere jaso dituzte. Gainera, arau berriaren helburuetako bat izango da basoak bertan behera utzita ez geratzea. Diputatuaren esanetan, zaintza lanak diruz lagunduko dizkiete baso jabeei.
Abelburuen txertaketa
Animalien gaitzez ere egin du berba Atutxak Batzar Nagusietan. Esan duenez, dermatosi nodularrak kezkatzen ditu, eta herrialdeko ganadu guztia txertatzea gura dute. «Orain da momentua, animaliak mendira igo aurretik».
Katalunian eta Frantzia hegoaldean izan dira kasuak. Katalunian, egoera «kontrolpean» dute gaur egun, baina Frantzian agerraldi gehiago izan dira. Horregatik, Frantziako Gobernuak behi azienda txertatzea erabaki zuen hegoaldeko 11 departamentutan. Espainiako Gobernuak, ostera, Pirinioetako eta Pirinioaurreko eskualdeetara mugatu du txertaketa; beraz, Bizkaia kanpoan geratu da. Gipuzkoan joan den astean hasi ziren txertoa jartzen. Atutxaren esanetan, ezinbestekoa da Bizkaian ere ganadua txertatzea, «gaitza saihesteko modu bakarra» baita. Gainera, kontrolak zorroztu behar direla ere esan du. Europa mailako protokoloa egokitzeko beharra dagoela uste du.
Txerrien gaitzari dagokionez, azken urte bietan ehiztariek harrapatu dituzten eta basoan hilda topatu dituzten basurde guztiek negatibo eman dute, diputatuak azaldu duenez. Katalunian izandako agerraldiaren ondoren, zaintza «zorroztu» egin dute. Izan ere, Bizkaian txerriak, batez ere, mendian aske hazten dituzte ekoizleek, eta animalia basatien bitartez kutsatzeko arriskua handiagoa da.
Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Richar Vaquerok esan du erakundeak ezin direla mugatu modu honetako krisiak kudeatzera. «Egiturazko zein arazok eragiten dituen aztertu beharko dute. Gaur egun dugun abeltzaintza ereduak erraztu egiten du gaitzak hedatzea», adierazi du.