Bizkaiko udalek %6,75 diru gehiago izango dute datorren urtean

Gaur bildu da Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseilua datorren urterako aurreikuspenak egiteko. Lurraldeko 113 udalerriek 1.300 milioi euro jasoko dituzte; 1.287 milioi euro Udalkutxakoak izan dira.

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bilera, gaur, Bilboko Foru Jauregian. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bilera, gaur, Bilboko Foru Jauregian. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urriaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak gaur erabaki du 2027an herrialdeko 113 udalerriei foru funtsetatik zenbat emango zaien, Bilboko Foru Jauregian egindako bileran. Guztira, 1.300 milioi euro jasoko dituzte. 1.287 milioi Udalkutxakoak izan dira, eta gainontzeko 12,1 milioi euroak Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bitartez kobratuko dituzte. Bileran funts horietako 2026ko likidazio aurreikuspenak ere aztertu dituzte, eta, horien arabera, Bizkaiko udalek datorren urtean aurten baino %6,75 gehiago jasoko dute. 

Duela urtebete aurtengo aurrekontua kalkulatu zutenean esandako kopuruarekin alderatuz, igoera handiagoa izango da: %7,67koa, hain zuzen. Izan ere, aurten zerga bilketa iaz aurreikusi zuten baino handiagoa izan da Bizkaian, eta horrek eragin positiboa izango du udaletan: aurreikusi baino 10,30 milioi gehiago jasoko dituzte osotara. 

Hain zuzen, joan den astean eman zituen Foru Ogasunak zerga bilketari lotutako azken datuak. Tributu itunduak direla eta, 8.039,5 milioi euro bildu dituzte irailera arte, hau da, 2025ean epe berean bildutakoa baino 163,2 milioi euro gehiago. Beraz, %2,1 egin du gora zerga bilketak. Hala, irailera bitarte urte osorako  aurreikusitakoaren %73,8 bildu du Foru Ogasunak.

Udalkutxa da udalek aurrekontuak osatzeko duten iturri nagusia, eta, ondorioz, erabakigarria izaten da jakiteko zer diru izango duten inbertsioetarako eta gastuetarako. Udalerrien arteko banaketa irizpide hauen arabera egiten da, besteak beste: biztanleria, langabezia tasa, ahalegin fiskala, ikastetxe publikoetako ikasgela kopurua eta biztanleriaren sakabanaketa. Hainbat udalen arabera, formula berrikusteko beharra dago, eta eztabaida horretan murgilduta dabiltza azken urteetan. Hala ere, ez dute aurrerapausorik lortu oraingoz. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA