Bizkaiko umeek eta nerabeek euren iritzia kontuan hartzeko eskatu dute

Bizkaiko Umeen eta Nerabeen Kontseilua sortuko duela iragarri du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak, Bizkaian Hazi topaketan.

Bizkaian Hazi topaketan parte hartu dutenetako batzuk, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiarekin, gaur, Bilboko Zabalguneko eraikinean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bizkaian Hazi topaketan parte hartu dutenetako batzuk, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiarekin, gaur, Bilboko Zabalguneko eraikinean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko irailaren 18a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Berba egiten dugu, entzuten gaituzte, baina askotan pentsatzen dugu ‘zertarako?’». Unicefen Euskadiko Aholku Batzordeko kide da Noa, eta ohartarazi du umeen eta nerabeen parte hartzeak eraginkorra izan behar duela. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Bizkaian Hazi topaketa egin dute goizean Bilboko Zabalguneko eraikinean, gizartean umeen eta nerabeen parte hartzea eta hazkundea bultzatzen dituzten hainbat proiektu ezagutzeko. Noarena ez ezik, berba egin duten guztien aldarrikapena zera izan da: haien iritzia kontuan hartzeko. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak esan du zaintzaz eta babesaz gain haurrek eta nerabeek konfiantza ere behar dutela, eta autonomia. Diputazioak iragarri du Bizkaiko Haurren eta Nerabeen Kontseilua sortuko duela.

Etxanoberen esanetan, diputazioak gura du herrialdeko umeei eta gazteei «autonomiaz» hazteko aukera eskaintzea: «Zelan zaindu ditzakegu, mugatu barik? Zelan egon euren ondoan, euren izenean erabaki barik? Zaintzea ez da zailtasunak kentzea, haietatik ikasten laguntzea baizik». Helburu hori lortzeko politikak definitzen lagunduko du kontseilu berriak, eta herrialdeko umeek eta nerabeek parte hartzea da asmoa. Badira antzeko egiturak Bizkaiko 21 udalerritan, udalek, diputazioak eta EDE fundazioak sustatuta. 

Fundazioko kide Irantzu Aurrekoetxeak azpimarratu du kontseilu horiek, besteak beste, umeek eta nerabeek gizartean parte hartzeko duten eskubidea betetzen laguntzen dutela. Horrez gain, beste onura batzuk ere topatu dizkie. Esaterako, uste du ikasten laguntzen dietela: besteekin komunikatzen, pentsatzen dutena adierazten, negoziatzen eta adosten. Gainera, komunitateko kide izaera sendotzen dute, hari dagozkion erabakietan parte hartzen dutela sentitzen dutelako. Azkenik, udalei ere lagun egiten diete, erabakiak hartzeko orduan ohikoa ez den ikuspegi bat ere jasotzen dutelako: umeena eta nerabeena. 

Eider Eibar irudigilea, Bizkaian Hazi topaketako solasaldiak egin bitartean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Eider Eibar irudigilea, Bizkaian Hazi topaketako solasaldiak egin bitartean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Unicefen Euskadiko koordinatzaile Elsa Fuentek esan du joera nagusi bat dagoela, batzuetan soilik umeei edo nerabeei dagozkien kontuez galdetzekoa, eta hori txarretsi du. «Ezin ditugu umeen parkeen diseinura mugatu. Udalerrian edo herrialdean gertatzen den guztiak eragiten die, eta arlo guztiei buruz dute iritzia. Kontatu du udalerri batean udalak argiteria berrantolatu gura izan zuela, eta horretarako gai horretan aditua den aholkularitza enpresa bat kontratatu zutela. Baina umeen eta nerabeen kontseiluari ere iritzia eskatzea bururatu zitzaion alkateari. Fuenteren esanetan, txosten biak ia-ia berdinak izan ziren, adituek eta gaztetxoek ondorio berberak atera zituztelako. Eremu bati dagokionez baino ez zuten eman bestelako iritzi bat, eta kontseiluak esandakoari kasu egitea erabaki zuen udalak. 

Prestakuntza eta talentua

Gizartearen ongizatean ez ezik, nork bere etorkizunean ere erabaki behar duela azpimarratu dute hizlariek. Hazkunde pertsonalean laguntzeko helburua du Egin eta Ekin foru programak, eta haren arduradun Inmaculada Ibañezek adierazi du etorkizuna gero aldakorragoa izango dela, eta ezinbestekoa dela gazteak giro horretan moldatzeko prestatzea. Programa horren bidez, azken hamazortzi ikasturteetan Bizkaiko 19.000 ikasleri konpetentziak indartzen lagundu diete. Batetik, pertsonalak: komunikatzen, gatazkak konpontzen eta frustrazioari aurre egiten irakatsi diete. Bestetik, ekintzailetza sustatu dute, bururatzen zaizkien ideiak proiektu bihurtzen jakin dezaten.

Bizkaiko enpresak bisitatzen dituzte, eta ekintzaileekin saioak izaten dituzte eskolan bertan. Sara Mauleon gazteak horietako batean parte hartu du. Kontatu duenez, halako programak baliagarri izan zaizkio bere hazte prozesuan. Gaur egun, Mauleon komunikazio agentziako sortzailea da, Egin eta Ekin programako partaidea, eta baita Tumo Bilbo Bizkaia zentrokoa ere. Azken zentro honek Bilboko Azkuna zentroan du egoitza, eta hasi berri du lehen ikasturtea. Helburua du gaztetxoak trebatzea teknologiari, kulturari eta zientziari lotutako hainbat diziplinatan. Mauleonek esan du umeentzat eta nerabeentzat ezinbestekoa dela esperimentatzeko leku seguruak edukitzea, gustatzen zaien horretan erreferenteak edukitzea eta nork bere sentimendu eta pentsamenduei kasu egiteko aukera izatea. 

Tumo Bilbo Bizkaia zentroko arduradun Jon de Andresek nabarmendu du pertsona guztiek dutela talentua garatzeko aukera. «Baina kasu guztietan ezin da modu berean landu, bakoitzak bere bizimodua eta nortasuna dituelako». Ibañezen esanetan, Egin eta Ekin programan ikasleek gehien proposatzen dituzten proiektuak beti egon dira ingurumenari lotuta, baina, azkenaldian, igarri dute zahartzaroarekin lotura dutenak ere ugarituz joan direla. «Nahiz eta haiei zuzenean ez eragin, ohartzen dira gizartean zer gertatzen den; gai guztien inguruan dute zer esana. Entzun egin behar ditugu, haiek bete beharko baitituzte etorkizunean helduok gaur ipintzen ari garen helburuak». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA