Crowdlending Bizkaia zerbitzu «berritzaileari» esker, bizkaitarrek bankari bihurtzeko aukera izango dute, eta Bizkaiko enpresei maileguak ematekoa. «Herritarren aurrezkiak eta Bizkaiko etorkizuna eraikitzen ari diren enpresa proiektuak lotuko ditugu», esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Diputazioak aurrez aukeratutako proiektuak finantzatzeko, herritar bakoitzak bostehun eurotik gorako inbertsioak egin ahal izango ditu. Foru aldundiak eta Elkargik bultzatu dute zerbitzua, eta gaur aurkeztu dute.
Zerbitzua aspalditik ezagunak diren finantzaketa kolektiboen modukoa da, baina, kasu honetan, dirua ipintzen duenak gero berreskuratu egiten du, eta gainera interesak ere kobratuko ditu. Hiru hilabetero kobratuko ditu, Euriborra + %1,75. Orain Euriborra %2aren bueltan dabilenez, inbertsioaren urteko errentagarritasuna ia %4koa izango da. Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak gainbegiratu eta Elkargik bermatutako plataforma da, eta proiektuek Bizkaia Seed Capitalen oniritzia dute.Â
Lehen proiektu biak martxan daude dagoeneko. Bata Bilboko Ziur Water Services enpresarena da. Uraren zikloari lotutako teknologia garatzen dute, eta 200.000 euro behar ditu. Gernika-Lumoko RK Solutions enpresak, berriz, enpresa eta industria proiektuak optimizatzeko garapen digitala sortzen du. 50.000 euro behar ditu Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei ematen dien zerbitzua hobetzeko.Â
Etxanoberen esanetan, «enpresek ezinbestekoa dute finantzazioa berritzeko, hazteko eta gero eta konplexuagoa den testuinguruan lehiatzeko». Tresna berri honi esker, dirua lortzeko aukera gehiago izango dituzte. «Finantzaketa alternatiboa funtsezko elementua da gure enpresen lehiakortasuna indartzeko», nabarmendu du Zenon Vazquez Elkargiko zuzendariak.
Bizkaiko enpresak izan beharko dira, gutxienez urte biko ibilbidea izan beharko dute, eta 50.000 eta 300.000 euro arteko finantzazioa eskainiko diete. Herritarrei, ostera, aukera ematen die «modu seguruan» inbertitzeko eta errentagarritasuna lortzeko «gizarte, ingurumen eta gobernantza arloekiko konpromisoa duten enpresei» lagunduta.Â