Busturialdean eta Lea-Artibain ur kontsumoa mugatzeko eskatu du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak

21 herritako udalei eskatu die debekatu dezatela igerilekuak betetzea, lorategiak eta ortuak ureztatzea, eta ibilgailuak eta patioak garbitzea.

Markina-Xemeingo Karmengo iturria, artxiboko irudi batean. EIDER MUGARTEGI URIZARBARRENA / BUSTURIALDEA, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
Markina-Xemeingo Karmengo iturria, artxiboko irudi batean. EIDER MUGARTEGI URIZARBARRENA / BUSTURIALDEA, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko uztailaren 29a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sikatearen ondorioak gero eta nabarmenagoak dira. Lehenago, Karrantzak, Arrietak eta Jatabek egin legez, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ur kontsumoa mugatzeko eskatu du Busturialdean eta Lea-Artibain. Eskualde biotako 21 herritako udalei eskatu die zenbait jarduera debekatu ditzatela: igerileku pribatuak bete eta horien ura berritzea, lorategiak eta ortuak ureztatzea, eta ibilgailuak eta patioak garbitzea. Horrez gain, «arduraz jokatzeko» eskatu die herritarrei, eta etxean «funtsezkoak ez diren jardueretan» ur kontsumoa murrizteko. Partzuergoak nabarmendu du modu honetan neurri zorrotzakoak hartzea saihestu gura duela; besteak beste, ur horniduran mozketak egin beharra.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak batez ere Zadorra sistemako urtegietatik hartzen du ura. «Ohi» legez daude orain: edukieraren %71 dute betea. Baina leku batzuetan tokian tokiko ura erabiltzen dute; esaterako, Oka, Lea eta Artibai ibaiek hornitzen dituzte Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeak. Partzuergoak gogoratu duenez, azken asteetan ia ez du euririk egin, eta ibaiotako emaria eskasa da.

Aurten, partzuergoak zenbait neurri hartu ditu eskualde biotan hornidura bermatu ahal izateko. Esaterako, lurpeko baliabide osagarriak lortzeko zundaketa berriak egin ditu, harguneak hobetu ditu eta, galerak murrizteko, hoditeria berritu du. Hala ere, hornidura bermatzeko neurri gehiago beharko dira. Esaterako, Busturialdea Zadorrako sistemara lotzeko hodi batekin lotuko ditu Bermeo eta Mungia.

Edozelan ere, partzuergoak bizkaitarren konpromisoa goraipatu du, azken hamar urteetan uraren erabilera nabarmen murriztu baitute: eguneko kontsumoa 122 litrotik 97 litrora pasatu da. Hala ere, erakundearen «elkartasun printzipioa» dela eta, oraindik ur arazoak ez dituzten herrietako biztanleei ere uda honetan ura arduraz erabiltzeko eskatu die.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA