CCOOk eta patronalak Bizkaiko eraikuntza arloko ituna adostu dute

Aurten, %3 igoko diete soldata, eta datozen bi urteetan KPI gehi %0,5. Bizkaiko 33.000 langileri eragingo die. Gainontzeko sindikatuek akordioa kritikatu dute.

Bilboko Garellanoko dorreak, martxoko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Bilboko Garellanoko dorreak, martxoko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 6a
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

CCOOk eta Ascobi Bizkaiko eraikuntza patronalak sektoreko lan hitzarmena berritu dute hiru urterako (2025-2027). %3ko soldata igoera adostu dute aurtengorako eta KPI gehi %0,5 hurrengo bietarako. 33.000 langileri eragingo die. CCOOk bakarrik sinatu du, baina nahikoa da, %52ko ordezkaritza baitu.

Horrez gain, urtean egin beharreko lanorduak murriztea ere adostu dute. Datorren urtean 1.700 ordu egin beharko dituzte, eta 2027an lau ordu gutxiago. 2026ko lan egutegia finkatu dute: jaiegunak, zubiak eta konpentsazio egunak. Halaber, adostu dute enpresek zer ekarpen egingo dieten datozen hiru urteetan Etorkizuna BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeari.

Beste sindikatuek akordioa kritikatu dute. ELAk gogoratu du eraikuntza sektorean lan istripu tasa handia dagoela, eta iruditzen zaio CCOOk eta patronalak ez dituztela kontuan hartu prebentzioaren arloko funtsezko gai asko. LABen ustez, ez dago akordioa beteko den bermerik, eta salatu du ezkutuan negoziatu dutela, langileen hitza aintzat hartu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.