Cementos Lemona, Bizkaiko enpresarik kutsatzaileenetakoa

Arratiako Makatzak talde ekologistak eskatuta, Cementos Lemona ikertu du Carlos Arribas fisikariak. Gaur aurkeztuko ditu emaitzak, Lemoan.

Lemoako Cementos Lemona fabrika, artxiboko irudi batean. MIKEL ARRAZOLA
Lemoako Cementos Lemona fabrika, artxiboko irudi batean. MIKEL ARRAZOLA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko abenduaren 4a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondorioa argia izan da: Lemoako Cementos Lemona Bizkaiko fabrikarik kutsatzaileenetako bat da, eta zenbait substantzia kutsatzaileren kantitaterik handienak isurtzen dituena ere bai. Airean zabaltzeaz gain, lurrera eta uretara ere isurtzen ditu substantzia kutsagarriak eta arriskutsuak. Emaitza horiek bildu ditu Carlos Arribas fisikari eta Ecologistas en Accion taldeko kideak Arratiako Makatzak ekologista taldearen enkarguz egin duen azterketan. Gaur arratsaldean aurkeztuko ditu, Lemoako Kotxepin kulturgunean egingo duen berbaldian.

Arribasek kontatu duenez, hainbat iturri erabili ditu. Lehenik, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik hartu ditu 2023ko emisioen datuak. «Beti atzerapenez gaurkotzen dituzte, eta horiek dira berrienak», argitu du. Bigarrenik, aztergai izan du enpresak ingurumen baimen bateratua lortzeko Eusko Jaurlaritzari helarazitako ingurumenaren zaintza plana ere. Azkenik, Cementos Lemonak berak 2023an egindako ingurumen adierazpena ere ikuskatu du.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren planean, enpresa kutsatzaileen isuriak neurtzen dira. 98 substantziaren isuriak, hain zuzen ere, eta adierazten da enpresa bakoitzak 98 horietatik zeintzuk isurtzen dituen eta bakoitzetik zenbat. Arribasek horietako batzuetan ipini du arreta. Esaterako, Cementos Lemona da Bizkaian karbono dioxido gehien isurtzen duten enpresetan hirugarrena: Muskizko Petronorren findegia eta Abantoko ziklo konbinatuko zentrala ditu aurretik. Ministerioak jasota dauzkan datuen arabera, Lemoako zementu fabrikak 2017an isuri zuen karbono dioxido gehien: ia milioi erdi tona.

Sufre dioxidoari erreparatuta, kantitate handienak isurtzen dituztenetan bigarrena da Cementos Lemona, Petronorren atzetik. Oxigeno nitrogenoaren isurietan ere, Bizkaian Petronor baino ez du aurrean. Merkurioa, bentzenoa eta amoniakoa isurtzen ere «txapelduna» da, Arribasen esanetan. Bestalde, zementu fabrika hori da Bizkaian amoniako gehien isurtzen duena.

Cementos Lemonaren ingurumen baimen bateratua 2017koa da. Hartan, besteak beste, hondakinak erretzeko baimena ematen zion Eusko Jaurlaritzak, beroa behar du-eta zementua egiteko materialak labe erraldoi batean urtzeko. «Baimenean azpimarratzen da nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren hondakinak izan behar dutela», ohartarazi du Arribasek. Baina, egiaztatu ahal izan duenez, zementu fabrikak ez du betetzen irizpide hori: erretzen dituen hondakinen %6 baino ez dira Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan sortuak; gainontzeko guztiak Europako beste herrialde batzuetatik ekartzen dituzte: Belgikatik, Frantziatik, Portugaldik...

Esaterako, 2023an 1.355,5 tona pneumatiko erre zituen, eta pneumatiko ia denak Frantziatik ekarritakoak ziren, Lyongo eta Soregongo fabriketatik. «Ez dakigu zergatik ekartzen dituen kanpotik. Ez dakigu ordaindu egiten dioten erretzeagatik, edo berak ordaintzen dien hondakinak ekartzen dizkiotenei. Baina badakigu ezin dituela ekarri».

Kontrol baliogabeak

Arribasek azaldu duenez, mota horretako enpresek kontrol erakunde baimenduak kontratatu behar izaten dituzte, tarteka ikuskaritzak egiteko. Enpresek eta dagokion kontrol erakundeak adosten dute bisita noiz egin, gainera, eta, Arribasen arabera, enpresek eguneroko martxa egokitzen dute, emaitza onak lortzeko. Salatu duenez, behar baino gutxiago egiten ditu Cementos Lemonak, eta, emaitza desegokiak izan dituenean, ez du neurririk hartu.

2023ko azaroaren 16an, Tecnaliak eta Txekiako ALS laborategiak egindako dioxina eta furano kontrolean, isurien gehieneko muga gainditu zuen fabrikak fokuetako batean. «Legediaren arabera, halakoetan fabrikek funtzionatzeari utzi behar izaten diote egoera konpondu arte, baina hauek martxan jarraitu zuten. Zer egin zuten? Hilabete batzuk geroago neurketa berriro egin, emaitza onak lortzeko». Fisikariak ohartarazi du isuri gutxiago sortzen dituzten hondakinak erre zituztela bigarren azterketa gainditzeko. Esaterako, ohi baino pneumatiko gutxiago erre zituzten.

Berdin jokatu dute inguruko lurrak eta lurpeko urak aztertu eta isuriak topatu dituztenean, Arribasek kontatu duenez. Lurrean beruna, bentzopirenoa eta petrolio hidrokarburoa agertu ziren: «Beste azterketa batean mailak apalagoak zirela ikusi zuten, eta, gainera, esan zuten beharginentzat ez zirela arriskutsuak». Fabrika azpian dagoen akuiferoan ere VI kromoaren kantitate handia antzeman zuten. «Enpresak esan zuen zementua egiteko erabiltzen zutela. Zelan ailegatu zen uretara? Ez dakigu». Beste azterketa batzuk egin zituzten handik urte erdira, eta ordurako VI kromoaren maila legeak onartutakoaren azpitik zegoen.

Arribasen arabera, zementu fabrika «arriskutsua» da inguruan bizi diren bizilagunentzat. Oso gertu daude etxebizitzak. Azaldu duenez, enpresa da isuriak izatearen erantzulea, baina ingurumena zaintzaren ardura duten erakunde publikoek ere badute erantzukizunik. Eusko Jaurlaritzari erreparatu dio: «Legez, teknikariek ikuskaritza bat egin beharko lukete urtero, baina azken hamar urteetan bost aldiz baino ez dira joan. Eta zerbait gertatzen den aldiro, ez ikusiarena egiten dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.