Apirilean, ezagun egin zen telefono lineako kablea adarretan kateatu zitzaion Karrantzako behia. Karrantzak eta Lanestosak (Bizkaia) dituzten «telekomunikazio arazoen ikur ona» izan zen, Karrantzako alkate Raul Palacioren esanetan. Oraindik, hainbat auzotan ez dute zuntz optikorik. Leku batzuetan ez dago sakelako telefonoaren estaldurarik ere, eta herritarrek ezin izaten dute deirik egin etxean daudenean edo autoan joan eta matxuraren bat dutenean. Herrian argindarrik ez dagoenean, inkomunikatuta geratzen dira, Interneterako konexioak eta telefono sareak huts egiten dutelako.
«Ezinbestekoa da konexio arazoei konponbide iraunkor bat ematea», esan du Palaciok. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzaordetzakoekin elkartu dira udalerri biotako alkateak, eta Carlos Garcia ordezkariordeak esan die datorren uda bukaerarako zuntza ipinita egongo dela falta diren auzoetako batzuetan. Landa inguruan konexio ona izateak duen garrantzia azpimarratu du Garciak; ez bakarrik bizilagunen eguneroko zereginetarako, baita jarduera ekonomikorako ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak programa berezi bat abiatu zuen 2021ean, herrialdean zuntz optikoa etxe guztietara eroateko. Palacioren arabera, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ere horretan ari dira. Baina oraindik falta dira leku batzuk. Berez, Telefonica telekomunikazio konpainiari dagokio azpiegitura ezartzea, eta erakunde publikoek lan horiek diruz laguntzen dituzte.
Mantentze lanik ez
Azpiegituraren mantentze lana eta konponketa ere Telefonicari dagozkio, baina, Palacioren esanetan, «oso zaila» da haiekin harremanetan jartzea, udalak berak deituta ere. Alkatearen arabera, gaur egun arazo handiak dituzte azpiegituretan, ez delako mantentze lanik egiten. Esaterako, kable berriak jartzen dituztenean, ez dituzte kobrezko zaharrak kentzen, eta oso ohikoa da askatzea eta larreetara erorita geratzea, inork batu barik. Kableak erortzean, sarritan, posteak ere erortzen dira, eta arazoak ekartzen dizkie horrek abeltzainei eta nekazariei.

Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak konpromisoa hartu du Telefonicaren eta udalen artean bitartekari lanak egiteko. Garciaren esanetan, telekomunikazio zerbitzua ematen duten enpresen arteko kooperazioa ere ezinbestekoa izango da herri biotan arreta hobetzeko eta konpontze lanak azkartzeko. Ordezkariordeak alkateei azaldu die satelite bidez Internet konexioa hobetzeko aukera ere badagoela, eta Espainiako Gobernuak diruz laguntzen duela.